Erraldoi hasiberrien lehen pausoak
Guraso talde batek lehen aldiz eramango ditu erraldoiak Karmen Jaietan. Zerutxu Dantza Taldearen laguntzagaz entseguak egin dituzte azken hiru asteetan, Uhagon Kulturgunearen ondoan.
Erraldoiek Markina-Xemeingo kaleak hartuko dituzte Karmen Jaietan. Aurtengoak, berriz, hasiberriak izango dira, ume txikien moduan lehen pausuak emango dituzte. Lehen aldiz ariko dira herriko gurasoak erraldoiak garraiatzen. Deialdi zabal baten ondoren multzo bat sortu zuten eta azken asteetan entseguak egiten aritu dira udal biltegian, Uhagon Kulturgunearen ondoan.
«Markina-Xemeinen erraldoien konpartsa bat falta zela igarri genuen», adierazi dute. Orain arte Zerutzu dantza taldeak eramaten zituen erraldoiak eta gurasoek uste zuten haienak zirela, baina ez, udalarenak dira. Dantza taldeagaz harremanetan jarri ziren eta hauek esker onez hartu zuten proposamena, jendearen beharra baitzuten ere. Ahoz aho ideia zabaltzen joan zen, talde bat sortu zuten eta gero herriko eskoletara zabaldu zuten. Horrela, sortu dute hamar gurasoko taldea. «Lana batez ere autodidakta da eta dantzekin asko eskertzen dugu Zerutxuren laguntza», azpimarratu dute.
Aurtengo helburua da ondo pasatzea eta egiten dutenarekin gustora geratzea, «Karmen Jaietan gozatuz gero aurrera jarraitzeko aukera aztertuko genuke orain arte oso pozik eta ondo pasatzen gaudelako, gauza berriak ikasteko aukera bikaina da».
Azken hiru asteetan elkartu dira, martitzenetan eta eguenetan pare bat ordu. Denbora gutxian jarraitzaileak lortu dituzte eta guzti, asko dira, umeak batez ere, entseguak ikustera hurbiltzen direnak. «Lehenengo egunetan erraldoiak eramaten ikasi genuen, pentsa baino pisu gutxiago badute ere, ez dira errazak gidatzeko orduan, oreka kontua da batez ere. Gero, dantzekin jarri ginen eta horrek dakarren pausuekin eta koordinazioarekin».
Umeengatik, umeentzako. Karmen Jaietan uztailaren 15ean txupinazoaren ostean aterako dira kalejiran buruhandiekin batera. Bigarren egun baten ere aterako dira, uztailaren 15ean, umeen egunean, 11:30ean Trikitixa eskolagaz eta Alarabi Triatloi taldeagaz batera.
Oinarrizko pausuak erakutsiko dituzte, «jendeak ez dezala ikuskizun profesionalik espero ez ditzatela aurreikuspen oso handirik izan, garrantzitsuena guretzako ondo pasatzea da, horrela hurrengo urteetarako indarrak eta motibazioa hartzeko». Gurasoek aitortu dute umeak direla erraldoiekin kalera irteteko arrazoirik nagusiena, «modan daude berriro».