Erkiaga eta Zabala ozta-ozta pasatu dira finalera
Aritz Erkiagak eta Jon Zabalak osatutakoa da Markina-Xemein Jai Alai Grand Slameko bigarren bikote finalista. Xabi Barandika eta Julen Del Rio menperatu dituzte finalaurrekoan. Finala zapatuan jokatuko dute, Jean Dominique Olharanen eta Nicolas Etxetoren kontra.
Markina-Xemeingo Uni pilotalekuak Markina-Xemein Jai alai Gran Slameko bigarren eta azken finalaurrekoa hartu zuen zapatuan. Ikusleek beste behin erantzun egin zuten, eta frontoia lepo bete zuten, maila handiko partidua ikusteko. Finalerdiko protagonista nagusia Xabi Barandika gernika-lumotarra izan zen: partidu bikaina egin zuen, asko eta ondo errematatuz. Dozena erdi baino gehiagotan sartu zen sakeetara, eta ez zuen barkatu eskumakadekin.
Dena dela, berak eta Julen Del Rio atzelari gasteiztarrak ezin izan zuten Aritz Erkiaga aurrelari ispastertarraren eta Jon Bullet Zabala atzelari markina-xemeindarraren kontra irabazi. Lea-Artibaikoak, irabazle suertatu arren, ez ziren beste hainbestetan bezainbesteko distiratsu agertu eta, horrenbestez, beren jokoa hobetu egin beharko dute, Jean Dominique Olharan pautarraren eta Nicolas Etxeto bidartarraren kontrako finalean garaipena eskuratzeko aukerekin aritu gura baldin badute.
Norgehiagoka bikote gorriaren alde hasi zen; 4-4ko markagailuaren ondoren, 8-5 aurreratu ziren. Del Riok min handia egin zuen atzealdeko koadroetan, baina baita hainbat akats ere. 15-11 amaitu zuten lehen seta, Erkiagaren kanpotik barrurako hegaleko indartsu bategaz. Atsedenaldian, Barandika aldageletara joan zen, orkatila bihurrituta. Hamar minuturen buruan, Gernika-Lumokoa pilotalekura itzuli zen, eta bigarren setari ekin zioten.