Eva Eizagirre eta Ailetz Barruetabeña, Malenetako kartel lehiaketako irabazleak
Joseba Palenzuela alkateak eta Izaskun Osinalde zinegotziak 2022 urteko Malenak iragartzeko kartelak aurkeztu dituzte, Eva Eizagirre Urkiola eta Ailetz Barruetabeña Azkue egileekin batera. Ohi legez, Arte Eskolako kideek aukeratu dituzte kartel irabazleak udaleko komunikazio arduradunarekin batera.
Eva Eizagirre Urkiolaren lana aukeratu dute Malen jaien egitaraua aurkeztuko duen kartel nagusiko irudi bezala. Eizagirrek 2019an irabazi zuen lehenengo aldiz Malen jaietako kartel lehiaketa, eta hain zuzen ere, bi urteko etenaldiaren ondoren, aurten Oainguan Bai leloa daraman kartelarekin irabazi du bigarrenez. Bere lanarengatik, 300 euroko saria irabazi du.
Bestalde, Malenetako Umeen eguna aurkezteko kartelaren irudia Ailetz Barruetabeña Azkue mutrikuar gazteak egindako lanak irabazi du, estreinakoz. Barruetabeñak bere marrazkian jaien inguruko hainbat elementuen uztartu ditu, horrela, konposizioa bereizgarri bat lorturik; erraldoiak, buruhandiak, sokamuturra eta danborrada, besteak beste. Sarituak 100 euro jasoko ditu egindako lanagatik.