Oihana Kortazar, Bastidako mendietan nagusi
Oihana Kortazar mutrikuarrak Bastida Vital Trail proba irabazi du. Emakumezkoen senior mailan lortu du garaipena. EMF Kopako laugarren lasterketa puntuagarria izan da Bastidakoa.
Mendi lasterketaz betetako asteburua izan da, eta inguruko mendi korrikalarietako askok beren bertsiorik onena eman behar izan dute lehiatu diren probetan. Ehunmilak ultra-trail, Goierriko Bi Handiak edota Marimurumendi probez gain, Bastidan Euskadiko Mendi Federazioaren Kopako laugarren lasterketa puntuagarria lehiatu zuten, zapatuan: Bastida Vital Trail.
Oihana Kortazar mutrikuarra eta Imanol Goñi natxituarra goiko kotan aritu ziren proba horretan, eta maila benetan handia erakutsi zuten ibilbide gogorrean zehar; izan ere, izena eman zuten ia 150 mendi korrikalariek 23 kilometroko eta 1.200 metro positiboko desnibeldun ibilbidea osatu behar izan zuten.
Kortazarrek emakumezkoen senior mailan garaipena eskuratu zuen; Burumendi MT taldekoak Toloño mendian gora ihes egin zien gainontzeko korrikalariei, eta 01.59,00ko denbora behar izan zuen. Maila horretan, lasterketako denbora ordu bitik jaisteko ahalmena eduki zuen parte-hartzaile bakarra izan zen Kortazar. Bigarren postuan Aiaramendi Korrikalariak taldeko Ainara Urrutia sailkatu zen, ia 11 minututara. Podiumean hirugarren sailkatua Naiara Irigoien izan zen.