Ondarroako Liburu Azoka barikuan abiatuko da
Euskadiko Liburu Ganbarak antolatuta, uztailaren 15etik 24ra bitartean egongo da Alamedan kokatuta.
Barikuan [uztailak 15] zabalduko dute Ondarroako Liburu Azoka, Alamedan; hilaren 24ra arte egongo da zabalik, 11:00etatik 14:00era eta 17:00etik 21:00etara. «Asteburuan ordutegia ordu erdi luzatuko da».
Guztira hamabi postu egongo dira, eta, besteak beste, ondoko argitaletxeek parte hartuko dutela aurreratu dute: Elkar (liburuak eta diskoak), Abarka, Urretxindorra, Txalaparta, Ttarttalo eta Erein. Liburuak ez eze, ohi legez, diskoak ere eskuragarri egongo dira.
Urtero bezala, eskaintza zabalagaz datoz, eta antolatzaileek aipatu dutenez euskal idazleen lanak eskuratzeko aukera egongo da, tartean, Kirmen Uribe, Miren Agur Meabe, Alaine Agirre, Uxue Alberdi, eta Jon Arretxe. Gaztelaniaz idazten duten ohiko izenak ere egongo dira, tartean, Toti Martinez de Lezea edota Dolores Redondoren lanak. Eta, ahaztu gabe, nazioarte mailako idazleen eskaintza ere egongo da.
Bestalde, Miren Palacios, Javier Sagastiberri, eta Anne Agirre liburuak sinatzen ariko dira, hortaz, aukera paregabea egongo da autoreekin hartu emana izateko. Horrez gain, Amatasuna, Euskal idazle emakumeak erakusketa ikusteko aukera ere egongo da. Hain zuzen ere, amatasuna obretan nola landu duten aztertzen duen lana.
Antolatzaileek aipatu dutenez, Ondarroan “erantzun oso ona” izaten du Liburu Azokak, eta gaineratu dutenez bertoko gaiak lantzen dituzten obrak eta euskal literaturak bereziki harrera ona izaten dute: “Euskal gaiari lotutako lanak nabarmentzen dira herriko salmentetan”. Hortaz, barikutik aurrera Alamedara hurbiltzeko deia luzatu dute.