Ane Undurraga Arriaga ziortza-bolibartarraren eskutik hasi da Lekeitioko Udako Arte Erakusketa
Pinturaren bidez barne mundua lantzen ari dela dio artistak, eta hortik erakusketaren izena ere: 'Barrutik'. Erakusketako pinturek pertsonak duen aldaketarako gaitasuna aurkezten dute.

Uztailaren 11tik abuztuaren 21era bitartean artearen alor ezberdinak landuko dituzten sei erakusketa egongo dira ikusgai Eskolape Aretoan, bakoitza aste betez. Hala, domekara arte bisitatu ahalko da Ane Arriaga Undurraga ziortza-bolibartarraren lana, barikura [uztailak 15] arte 16:00etatik 22:00etara eta zapatuan [uztailak 16] eta domekan [uztailak 17] 12:00etatik 22:00etara.
Artistak bere bizitzan izandako aldaketa bat kontatzen du erakusketan ikusgai jarri dituen pinturen bidez. Dioenez, txikitatik egon da arteari lotuta, baina komunikazio eta antropologiarako bidea hartzea erabaki zuen. Hala ere, ez zeukan argi benetan hori nahi ote zuen. “Hamar urte inguru egon naiz kazetaritzan eta antropologian lanean, baina beti barruan zerbait falta zitzaidan edo barne behar bat sentitzen nuen, eta aldaketa bat eduki nuen nire bizitzan. Barrura begira hasi nintzen, zein naiz ni eta zer gustatzen zait hausnartzen, eta psikoterapia prozesu bat egin nuen arte plastikoari lotuta. Horrela ezagutu nuen benetan niri gustatzen zitzaidana arte plastikoak zirela”.
Aldaketa hori 2014an hasi zuen artistak, eta 2017tik aurrera, apurka-apurka, proiektu artistiko hori gauzatzen hasi zen. Sormen artistiko horren bidez, lau urte horietan bere burua ezagutzeko barrutik landu duen prozesu eraldatzaile horren guztiaren berri ematen dio gizarteari.
Lan abstraktuak gauzatu ditu batez ere. “Margotu dut barrutik sortu zaizkidan ideiak, gogoak, grinak, ametsetako mundua, eta hortik ze erabaki hartu ditudan nire bizitzan. Kontatzen dut zelan pinturak pertsona aldatzeko gaitasuna duen, eta azkenean ibilbide bat ikusten da abstrakziotik gai desberdinak landuz. Aldaketa da ardatza, abstrakzioa ikusten da eta gaiak nire ametsak, nire pentsamenduak, barne kezkak eta ideiak dira”.
Lehenengo erakusketa bakarka. Obrak erakusteko asmorik gabe egin zituen Undurragak, bere barne ezagutzarako bide bat izan da-eta artea. Bere aldaketa eta ezagutza hori obra bihurtu du eta koadroetan eszenaz eszena ikusten da aldaketa bat dagoela, kontakizun bat. Eta, bost urte beranduago, “energiak hala esanda”, orain dela bost urte landu zuen obra hori ikusgai jarri du bere lehenengo bakarkako erakusketan. Izan ere, orain arte erakusketa kolektibo bi egin ditu beste Bizkaiko emakume artista batzuekin batera “sortze prozesuaz gogoeta eginez eta emakumetasunetik talentua zelan lantzen den gogoeta eginez”. Ziortza-Bolibarko artistaren beste lan batzuk ezagutu daitezke bere webgunearen bidez.
Undurragak ez zuen uste bere lanak egunen batean erakutsiko zirenik. “Zu aldaketan zaudenean ez duzu pentsatzen artelan horrek, zure tailerrean zure barrurako egiten dituzunak, egunen batean argia ikusiko duten edo ez. Artelan hauek nik nire tailerrean bai eduki ditut ikusgai eta jendea bertara etorri bada ikusi ditu. Ez dut utzi komunikazioa, antropologia ere ez, artea fusionatu dut nire lanean, presentzia handia dauka”. Emozioei garrantzi handia ematen die. “Kultura arrazionalista batetik gatoz. Buruak esaten diguna egiten egon izan gara urte askotan, mende askotan. Baina pixka bat mundura ateratzen bazara, beste kultura batzuk ikusten badituzu eta batez ere zure barne mundura sartzen bazara, emozioa ezagutzen duzu, alor espiritualak, eta, horren guztiorren fusioak osatzen du gaur egungo nire paka: barrutik artea eta kanpotik komunikazioa”.
Aukera polita. Undurragak iaz ezagutu zuen Lekeitioko Udako Arte Erakusketa. Erakusketan parte hartu zuen artista senegaldar batek gonbidatu zituen bere erakusketa ikustera, eta hor ezagutu zuen erakusketak daukan dimentsioa eta artistei ematen dien mugikortasuna. “Oso aukera polita dela ikusi genuen, ikusleekin ahalbidetzen duen harremanagatik. Zuk egiten duzu bisita gidatua, artista bezala, sortzaile bezala, eta gero, komunikatzaile bezala”. Proiektuaren interesa ikusita, aurten proposamena bidaltzea erabaki du, eta aurtengo erakusketarako aukeratutako artisten artean dago.
Undurragaren lanagaz gainera, Maite Herrero, Urbela Brouard, Iñaki Zubillaga, Amadou Sy, Edurne Naberan eta Nora Goyalderen erakusketak ikusi ahalko dira datozen asteetan. HEMEN EGITARAUA











