Bi urteren ostean itzuliko da IV. Markina-Xemeingo jazz jaialdia
Uztailaren 21ean, 22an eta 23an ospatuko da Uhagon Kulturguneko bi kontzertugaz eta kaleko beste bategaz
Bi urteko etenaldia eta gero, bueltan da IV. Markina-Xemeingo jazz jaialdia uztailaren 21ean, 22an eta 23an. Aurten ere Uhagon Kulturguneak Markina-Xemeingo Udalagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera hiru eguneko egitaraua antolatu du: bi emanaldi Uhagoneko terrazan eta beste bat kalean. “Bi urteren ondoren, gogo eta ilusio handiz gatoz buelta, eta baita kalitate handiko egitarau batekin ere”, esan dute. Jakinarazi dutenez, emanaldi guztiak doakoak dira eta ez da erreserbarik egin beharko.
Uztailaren 21ean, eguena, 18:00etatik 19:00etara Lindy hop dantza tailer irekia eskainiko du Bigkick dantza eskolak arkupe aurrean, eta euria eginez gero, plazaberripean. Adin guztietako herritarrei zuzendutako ekimena da eta helburua da oinarrizko pausuak ikastea ondorengo taldearen kalejiran parte hartu ahal izateko. Hori da, hain zuzen ere, antolatzaileek bilatzen dutena: parte hartzea. “Herritarrak jasotzaileak izateaz gain jaialdiaren parte aktiboa izatea nahi dugu. Bestalde, jazzari lotutako disziplina desberdinak, dantza eta musika, uztartzea bilatzen dugu.
19:00etan kaleak hartuko ditu Iruñeako Jazz Bras Band taldeak eta alde zaharreko kalejiran parte hartzera animatzen diren guztiak. Hamar musikariak eta herritar ausartenak arkupe aurretik hasiko dira eta kalez kale ariko dira. “Emanaldi honekin musika publiko berrietara heltzea bilatzen dugu. Hau da, kontzertuetara hurbiltzen ez den jende horrengana ere hel dadila jaialdia”, zehaztu dute antolatzaileek.
Uztailaren 22an, barikuan, 19:00etan Itziar Yagueren txanda izango da, lehen mailako beste bost musikariz inguratuko da abeslari gasteiztarra. Euria egitekotan, kontzertua Uhagon barruan izango litzateke. “Bere musikak naturaltasuna eta emozioa transmititzen ditu eta eszenatokian duen presentzia guztiz inponentea da. Ezinbesteko erreferentea iruditzen zaigu musikari eta emakume gisa”, nabarmendu dute. Yaguek 202ko irailean kaleratu zuen bere lehen lana kritika bikainak jasoz eta orain bere bigarren diskoan ari da lanean Texaseko (Estatu Batuak) Greg Izor bluesman eta ekoizleagaz.
Azkenik, uztailaren 23an, zapatuan 19:00etan Uhagon kulturguneko terrazan Travellin` Brothersek kontzertua eskainiko du, euria eginez gero plazaberripean emango dute. Zortzikotea Bilbon sortu zen eta azken urteetan espainiar estatuko zein atzerriko oholtza garrantzitsuenetakoetan jo dute. Antolatzaileek bizkaitarren “freskura eta alaitasuna” nabarmendu dute. Gainera duela gutxi kaleratutako azken diskoa aurkeztuko dute. “Aurtengo jaialdiari amaiera emateko ez zaigu aukera hoberik bururatzen. Ohore handia izango da Markina-Xemeinen kalitate eta ospe honetako talde bat izatea”, aipatu dute.