Erabilera anitzeko eraikineko obrak aurrera doaz, Amoroton
Amorotoko Udalak frontoi alboan eraiki gura duen erabilera anitzeko eraikinaren 2.a fasea amaitu berri du; 2.b faserako finantziazio bila ari dira. Proiektu guztia 2024 eta 2025 artean amaitzea aurreikusten dute.

Amorotoko Udala aurrerapausoak egiten ari da herriko pilotalekuaren aldameneko eremuan dauden eraberritze lanetan. Izan ere, erabilera anitzeko eraikina sortu gura dute, kirol eta kultur beharrizanak asebetetzeko. Amorotoko alkate Ibon Gabiolak azaldu duenaren arabera, Amoroton “betidanik” izan da espazio faltaren arazoa, eta hortik dator, hain zuzen ere, eraberritze lanen premia: “Eskola, udaletxea eta frontoia elkarrengandik oso hurre egonda, herriko inguru horretan oinarritzen da herriko kirol eta kultur jardun guztia”.
Orain arte, herriko kultur etxeak barnebildu ditu herritarren beharrizanak. “Erabilera anitzeko kultur etxea” bezala definitu du Gabiolak: “Haurtzaindegia, pilateseko lokala, ludoteka eta bestelakoak toki horretan egon dira”. Horrenbestez, denetariko jarduerei dagokien espazioa eskaini asmoz, frontoi alboko eraikina altxatu gura dute. Proiektuaren nondik norakoa aurrekontura egokitu behar izan du Amorotoko Udalak: “Dimentsio oso handiko egitasmoa izanda, fase edota etapaka egitea erabaki genuen, prozesua zatituz”. Hasierako 0 fasean, pilotaleku alboko sarrera moldatu zuten, 2019an; 1. fasean, aldiz, eremua bera egokitu zuten eta pilotalekuaren egitura atxikitako euste horma bat eraiki zuten.
“Dimentsio handiko egitasmoa izanda, fase edota etapako egitea erabaki genuen, prozesua zatituz”
Jarraian etorri zen 2. fasea. Etapa hori, lanak errazte aldera, zati bitan banatu zuten: batetik, 2.a eta, bestetik, 2.b. Lehendabizikoa frontoiko aldageletara eta komunetara pasabideak egokitzean oinarritu da, eta oraintsu amaitu berri dute. Lehenengo azpiatala burutzeagaz batera, bigarrenaren onarpena ere egin dute. 2.b fasea, hain zuzen, eraberritze prozesu osoko “potoloena” izango dela aurreratu du Gabiolak: “Funtsean, eraikinaren egitura behetik gora altxatzean oinarritzen da, teilatua eta fatxada barne”. Ondorengo urrats horregaz, eraikina osatuta geratuko litzateke, 3. fasearen faltan. Hirugarren tartean, beharrezko instalazioak eta ekipamenduak jarriko dituzte.
“2.b fasea prozesu guztiko potoloena izango da”
Finantziazio bila. Gaur-gaurkoz, Amorotoko Udaleko lantaldea 2.b faserako finantziazio biderik egokienak zeintzuk izan daitezkeen aztertzen ari da. “2.b faseak, handiena izanda, finantziazio iturriak bilatzea eskatzen du, eta oso argi izan behar dugu diru laguntzak nondik jasotzea komeni zaigun; esate baterako, udalak diru mailegu bat eskatu beharko balu, zenbatekoa izango litzatekeen argitu behar dugu”.
Gabiolak argitu du bai Eusko Jaurlaritzagaz, bai Bizkaiko Foru Aldundiagaz hartu-emanetan ari direla, eta 2.b fasearen esleipena 2022aren amaiera eta 2023aren hasiera bitartean egitea aurreikusten dutela. Hori horrela balitz, 2023an zehar egingo lirateke obrak, eta hirugarren eta azken fasea 2024 eta 2025 artean egingo litzateke.