Oilagorra Elkarteak plater tiroketa txapelketa antolatu du, Etxebarrian
Uztailaren 16 goizean lehiatuko da Esteban Espilla Muni memoriala.
Etxebarriko tiro zelaiak hartuko du Oilagorra Elkarteak antolatutako Esteban Espilla Muni memoriala uztailaren 16an. Lehendabizi, 09:00etatik 10:00etara entrenamendu saioak egingo dituzte Lau-Nik enpresaren atzean dagoen zelaian eta 10:00etatik 13:00etara luzatuko da lehiaketa.
Izen ematea egunean bertan osatuko da, antolatzaileek parte hartzaile orokorrak eta herritarrak banatu dituzte izen ematerako eta sarietarako. Orokorren artean, helduek eta nagusiek 25 euro ordaindu beharko dituzte eta gazteek eta emakumeek 5 euro. Herritar helduek, berriz, 10 euro ordaindu beharko dituzte, gazte, jubilatu eta emakumeek doakoa duten bitartean.
Txapelketari dagokionez, tiratzaile bakoitzari hamabost metrora dagoen robotak hamabost plater jaurtiko dizkio. Tiro zuzendaria Jesus Iriondo izango da eta Euskal Herriko Tiro Olinpikoko Federazioaren (EHTOFA) araudia aplikatuko da. Horrez gain, Oilagorra elkarteko antolatzaileek jakinarazi dutenez, hamaiketakoa jateko aukera jarriko dute.
Sariei dagokionez, sari nagusietan, irabazleak 110 euro, txapela, pernila, ardo botila bi eta bi kaxa kartutxo irabazi ditu. Lehen hamar sailkatuek Salamankako txorizoa, bi ardo botila eta bi kutxa kartutxo eramango dituzte diruagaz batera: bigarrenak 100 euro, hirugarrenak 90 euro, laugarrenak 80 euro, bosgarrenak 70 euro, seigarrenak 60 euro, zazpigarrenak 50 euro, zortzigarrenak 40 euro, bederatzigarrenak 30 euro eta hamargarrenak 20 euro. Gainera, 15. sailkatura arte banatuko dituzte sariak, Salamankako txorizoa eta bi ardo botila, hain zuzen ere.
Herritarrentzako sariak ere banatuko dituzte. Irabazleak txapela, bi ardo botila eta oparia irabaziko ditu eta lehen hamar sailkatuek bi ardo botila eta oparia. Hala ere, jakinarazi dutenez, herriko parte hartzaile guztientzat egongo dira opari bereziak.
Hori gutxi ez, eta parte hartzaile guztien artean, orokorrak zein herrikoak, bertako produktuekin egindako bi otzara zozketatuko dituzte.