Arnasa Eguna ospatuko dute Ondarroan
Arnasa Eguna elkartasun jaia egingo dute seigarrenez zapatuan [uztailak 16], fibrosi kistikoa duten pertsonen eta familien alde. Gainera, elkartekoek antolatuta Asisko Urmenetaren antzezlana ikusteko aukera egongo da barikuan.
Antolatzaileek ekintzaz beteriko egitarau oparoa prestatu dute zapaturako [uztailak 16]. 11:00etan Irrikitan taldearen kalejirarekin hasiko da jaia, eta hortik aurrera, Alamedan eta Itsas Aurren hainbat ekintzatan parte hartu eta gozatzeko aukera egongo da. Kalejira bukatuaz batera, Porrotx, Tiritatxo eta Txirrimorraski taldekoekin batera, ‘Ametsen zuhaitz’ landaketa burutuko dute Itsasaurren eta bolandera hotsagaz egunari hasiera behar bezala emanda lagako dute. Aurten, pregoia Porrotxen esku hutsi dute, gaixotasunaren oztopoak irudikatu, eta helburuak erdigunean jarriko dituzte jolasaren bidez, eta horri lotutako mezua zabalduko dute aurten.
Arnasa Eguneko antolatzaileek eguna ospatzearen garrantzia azpimarratu dute, fibrosi kistikoa dutenen eta horien familien inklusibitatea erdigunean jarri nahi izan dute. “Gaixotasuna dela eta, fibrosi kistikoa dutenek zailtasun asko izaten dituzte, bizi kalitatea murriztu egiten zaie, eta horretarako borrokan dihardugu. Baldintza hobeak lortu, eta eguneroko bizitzan behar dituzten tratamenduak eskuragarriagoak izate aldera, adibidez, fisioterapia, ikastolako laguntzak, etxe ikastolak jasotzea…”. Bidea luzea da, eta bidean laguntza guztia ongi etorria izango da. Herriko eragileek eta baita udalak ere, laguntza handia ematen diote elkarteari, “babes osoa eskaintzen digute, elkarte txiki bat gara, baina ingurukoen laguntzagaz lan ikaragarria egitea lortzen dogu”.
Behin mezua zabalduta, eta jai giroan sartuta, 12:00etan oihal ikuskizun zoragarri batez gozatzeko aukera izango dute ikusleek, herriko Artaka taldearen eskutik. Ondoren Kukai dantza & Brodas Brosen eskutik Topa ikuskizuna ikusteko aukera egongo da Alamedan. Gainera, goiz guztian zehar Xabat Gallabeitia eta herriko bertsolariek girotuko dute jaia, eta jada jaiarekin lotura estua hartu duten Asisko Urmeneta eta lagunak “karrikaturak” egiten arituko dira hurbiltzen diren guztiei. Ez da lehen aldia Urmeneta Arnasa Egunean aritzen dena, eta beti izan du harrera ona txikien, eta ez hain txikien artean. Hortaz, esperientzia errepikatzeko aukera izango dute nahi duten guztiek.
Ohi modura, txosna ere ipiniko dute, sardina erre eta guzti. Informazio gunea ere egongo da, eta bertan Arnasako materiala saltzen edukiko dute. Gune horren ondoan arituko da Txarly grafiti bidez gaixotasuna irudikatzen, eta argazkiak ateratzeko saioa eskainiko du.
Gogorarazi dutenez, batuko den dirua fibrosi kistikoa daukaten umeen familiei laguntzeko izango da. Aldez aurretik aipatu bezala, gaixotasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko, eta batez ere ikerketak bultzatzeko eta bideratzeko.
Jaiak arratsaldean ere jarraituko du, apar eta bits festa ikaragarria egingo dute, ondoren umeentzako jolasak eta “hainbat sorpresa gehiago” dituztela aurreratu dute, frontoian egingo den ekimenean, txirrimorraski taldekoen eskutik. Eguneko proposamenak Musika Plazan egingo diren kontzertuagaz amaituko dute, Antuxuna eta Patx taldea igoko da oholtza gainera, festa borobildu eta ilunabarra girotze aldera.
Jai oparoagaz gozatzeko aukera egongo da, eta antolatzaileek deia egin diete nahi duen orori jaira hurbildu eta beraiekin batera gozatzera, “zenbat eta jende gehiago eguna politagoa izango da, eta ikusgarritasuna handitu egingo da, azken finean, hori baita jai honen helburua”.
Antzezlana
Sugarren mende ikuskizuna eskainiko dute barikuan [uztailak 15], 19:00etan, Beikozinin. Asisko Urmenetaren komikia taula gainera eramaten duen lanak Euskal Herriko sorgin ehiza erdigunean jartzen du. Urmenetaren esanetan: “Pentsatzea baino, nahiko genuke jendeak sentitzea zer izan den arbasoek jasaniko bidegabekeria hori. Eta ez iraganeko historia lazgarri baten gisan: ordu hartan ari baitira ezartzen Aro Modernoaren oinarriak, autoritarismoa, patriarkatua, diziplinamendua eta Europako muga garbiketak inperio absolutisten artean. Lan honek laguntzen ahal digu oraingo diagnosia egiten”.Hala, musika, antzerkia eta marrazkiak uztartzen dituen emanaldi bat da Sugarren mende.
Sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira, 5 euroren truke.