Etxeratze kolektiboak antolatu ditu Itaiak eskualdeko jaietara begira
Barikuan, 15:30ean, Mutrikuko Gaztetxean egingo den asanblada informatiboan zehaztuko dituzte Malen Jaietako etxeratze kolektiboak.
Ekainean indarkeria matxistari aurre egiteko mekanismoak martxan jarri zituen Itaiak; asanblada informatiboak eta etxeratze kolektiboak. “Eskualdeko jaiek eraso matxistak gauzatzeko baldintzak jartzen dituzten honetan, beharrezkoa ikusi dugu mekanismo hauek indartzea eta horretara datoz, hain zuzen ere, etxeratze kolektiboak”. Mutrikuko jaietara begira egingo den asanblada informatiboa, barikuan [uztailak 15] izango da, Mutrikuko Gaztetxean, 15:30ean.
Asanbladan uztailaren 21etik 25era ospatuko diren Mutrikuko jaietan antolatuko diren bi etxeratze kolektiboei buruzko erabakiak hartu eta zehaztapenak emango dira. Horrez gain, martxan jarritako telefono zenbakia eskuragarri dagoela adierazi dute, erasoak salatu edota horien gaineko informazioa jaso ahal izateko: 722 34 11 96 (Ondarroa-Mutriku), 633 46 72 73 (Lekeitio).
Mutrikuko asanbaladaz gain, Ondarroako eta Lekeitioko jaietara begira ere beste asanblada informatibo batzuk antolatu dira. Bihar, uztailaren 14an, Ondarroako Kofradia Zaharrean, 18:00etan. Eta Lekeitioko Kultur Etxean, uztailaren 18an [astelehena] 18:30ean.