Kirola, dantzak eta musika, Karmen Eguneko osagarri nagusiak
Markina-xemeindarrak gogotik ari dira ospatzen usadioz betetako jaietako egun nagusia. Beroari aurre eginda, jende asko batu da eguerdian udaletxearen eta Zelaiaren bueltan.
Markina-Xemeingo karmenetan tradiziozko egunik bada, Karmen Eguna da hori. Bi urteko etenaldiaren ostean, usadioei lekua egin ahal izan diete gaur [uztailak 16], jaietako egun nagusian.
Ohi legez, herriko txistularien kalejirak girotu du goiza 09:30etik aurrera. Bi ordu beranduago, 11:50ak orduko, Goiko Portalean zeuden txistulariak, Aurreskuari doinua jartzeko prest. Herritarrek ez dute nahi izan galdu hitzordu berezia, eta asko izan dira udaletxe inguruan batu direnak. Luis Egurrola alkatea eta hainbat zinegotzi ere bertan egon dira.
12:15ean atera dira Zerutxukoak dantzara, eta, apurka-apurka, herritarrak batzen joan zaizkie. Dotore egin dute dantzan, gogotsu, eta txaloekin erantzun diete ikusleek eta agintariek. Emanaldia amaituaz batera, Debako musika bandakoek hartu dute udaletxe aurrea. doinu alai eta dantzagarriekin.
Hirugarren urtez etorri dira debarrak karmenetara. Gustura etorri dira oraingo honetan ere, eta gazte-gazte. 45 musikari inguruk osatzen dute banda, eta asko eta asko gazte-gazteak dira. “Iaz gazte talde handi bat sartu zen bandara. Oso pozik gaude”, azaldu du bandako kide batek. Plazabarripean eman dute kontzertua, 13:00etatik aurrera. Ikusleek ez dute galdu nahi izan, eta kontzertua ikusteko ipini dituzten aulkiak bete egin dira. Horregatik, askok zutik jarraitu behar izan dute kontzertua. Gerizpearen babesean, ia ordubeteko kontzertu ederraz gozatu dute musikazaleek.
Artisau azoka. Eixu Artisau Elkartekoen eskutik, artisauen azokak hartu ditu goizean Zelaiaren inguruak. Eguerdiko atsedenaldiaren ostean, arratsaldean ere irekita egongo da. 17:00etatik 20:30era, keramika, zura, ukenduak, bitxiak, eskuz margotutako artikuluak, zilarra, larrua, panpinak eta beste hainbat artisau lan aurkitu ahalko dira bertan.
Hiru Txirlo botaldiak, bertso saioak, mariatxiek, Markina-Xemeingo Jai Alai Grand Slameko finalak eta Su Ta Garren eta Ztarten kontzertuek osatuko dute Karmen Eguneko egitarau oparoa, biharko [uztailak 17, domeka] Kuadrillen Eguna heldu aurretik.