300 igerilari Ondarroako itsas zeharkaldian
Iñaki Salaberria eta Ana Vega izan ziren denborarik onenak lortuaz, memorialaren garaile izendatu zirenak. Eguna borobildu zuen igerilari talde batek egindako omenaldi bereziak.
Zapatuan [uztailak 16] ospatu zen 35. Itsas Igeri Zeharkaldia Ondarroan, eta urtero legez Elena Fernandez Iturrioz memoriala izan zen. Ibilaldia osatzeko 320 lagunek izena eman zuten arren, ohiko gorabeherak medio 300 lagunek parte hartu zuten zeharkaldian.
[IGTren argazki galeria ikusgai]
Lehenengo gazteen txanda izan zen, 600 metroko ibilbidea osatzeko erronka zuten, bi tandatan atera ziren ohi bezala, neskak alde batetik eta mutilak bestetik. Lehia eder batez gozatu ostean, Izarraitz Igeri Elkarteko Nora Eizagirre eta Ondarru Igeri Taldeko Gari Markuerkiaga izan ziren garaileak. Eizagirrek 8:25:81eko denbora behar izan zuen ibilbidea osatzeko, eta Markuerkiagak, aldiz, 8:43:38ko denbora osatu zuen.
Ondoren, nagusien txanda heldu zen, 1.500 metroko ibilbidea zuten aurretik, eta eguraldi ezin hobea eguna borobiltzeko. Sailkapen orokorrean, Iñaki Salaberria, 19:46:20ko denbora osatuagaz izan zen garaile izendatu zena, 2019.urtean egin zuen bezala. Emakumezkoetan, Ana Vega izan zen 21:16:56ko denbora osatuagaz gailendu zena.
Gainera, ondarrutarren artean, Ziortza Torrontegi izan zen denbora ederragaz herritarren artean lehenengoa helmugaratzen. Gizonezkoetan, berriz, Mikel Iriondo izan zen lehenengoa. Ondarrutarren artean lehenengo postuan, master kategorian bigarren postuan, eta sailkapen orokorreko bosgarren postua lortu zuen zapatuan Iriondok, ohi bezala erakustaldi ederra emanaz.
Gainera, aurtengo berezitasun bezala, Imanol Osa ondarrutar igerilariari egindako omenaldiak berezi egin zuen aurtengo zeharkaldia. Igerilari talde eder batek gainontzeko parte hartzaileei bide utzita, amaieran atera ziren guztiak batera ibilaldia osatu, igerialdiaz gozatu, eta danak batera helmugaratu ziren. Osaren familiari opari bat emanaz batera, merezitako txalo zaparradagaz itxi zuten omenaldia.