Asteburu aldrebesa
Asteburuan, Orion, Zierbenan eta Pedreñan lehiatutako estropadak ikusita eta sailkapenak aurrean izanik, ez da astebururik onena izan Lea-Artibai eta Busturialdeko taldeentzat.
2022ko Eusko Label Ligaren bosgarren eta seigarren jardunaldiak lehiatu dira asteburuan, eta orain arteko lehia estuaren erakustaldiarekin jarraitu du udako ikuskizunak oraingoan ere. Lehenengo postuen erronkaz gain, taularen erdialdean dauden taldeen arteko gorabeherak ere tentsioa azken uneraino izaten laguntzen dute. Gainera, sorpresaren bat edo beste ere egonda da, zapatuan Orion, eta domekan Zierbenan lehiatutako estropadetan.
Zapatuan [uztailak 16], Gipuzkoako uretan lehiatu zen Orioko XXXII Estropada – Orio Kanpina X. Banderen lehenengo tandan atera ziren Ondarroa eta Lekittarra, eta tanda gorabeheratsua izan zen, Ares eta Cabok euren kaleetatik atera eta talka egin ondoren deskalifikatuan izan ziren. Lekittarrak lortu zuen tandako garaile izendatzea, 20.50,88 denbora osatuaz.
Sailkapen orokorrean ere, eskutik helduta elkarren atzetik geratu dira, zazpigarren postuan lekeitiarrak eta zortzigarrenean ondarrutarrak, taularen erdialdean. Bermeo izan da, ordea, ohiko postuetatik at geratu dena. Hondarribiak eta donostiarrak emandako erakustaldiagaz ezin eta, hirugarren postuagaz konformatu behar izan dena.
Domekan [uztailak 17], berriz, ez zen gureen eguna izan. XXXIX. Bandera Petronor lehiatu zen Zierbenan, eta sailkapenak ez ziren lagun izan. Bermeo tandako azkena izan zen, Amenabar Donostiarra Ur Kiroak 100eko mutilak emandako erakustaldia izan zen protagonista, eta bandera eskuratzearen ohoreaz gozatu zuten.
Lekittarrak etxeko Zierbenagaz lehiatu zuen tandako bigarren postua, eta bi segundo eskasera ailegatuaz, sailkapen orokorreko zortzigarren postua lortu zuen. Antiguako Amak ez zuen bere maila erakutsi eta garailearengandik ia minutura helmugaratu zen.
Asteburua horrela izanik, estu dago sailkapen orokorra. Lehenengo lau postuak betetzen dituzten, Amenabar Donostia Ur Kirolak 100, Matrix Hondarribia, Bermeo Urdaibai eta Orio Orialkiren arteko desberdintasuna 6 punturen artekoa da, soilik. Lekittarrek zortzigarren postuari eusten diote 27 puntugaz, eta Ondarroak 19 puntu ditu hamargarren postuan.
Laugarren postua desio. Kantabriako uretan lehiatu da ETE ligako II Bandera Femenina Marina de Cudeyo Gran Premio Dyna, eta irteeran izandako arazoak medio, hamar segundoko isuna ezarri zioten ondarrutarrei, eta etsipenez, zazpigarren postuagaz etxeratu dira. Ligari gogotsu eutsiz hasita, laugarren postura hurbiltzeko aukera paregabea zuten Ondarroako neskek, baina sailkapen orokorreko bosgarren postuan mantentzen dira oraindik.