Beñat Eizagirrek irabazi du Andra Mari jaietako kartel lehiaketa
Hamasei lan aurkeztu dira lehiaketara, eta batzordekideek lanen maila altua azpimarratu dute.
Beñat Eizagirre Artetxeren Arrantzale pañelu lana aukeratu du jai batzordeak, 2022ko Andra Mari jaiak iragartzeko kartel gisa.
Eizagirrek aipatu duenez jaietako elementu bat hartu eta horren inguruan osatu nahi izan du kartela, hortaz, arrantzale eguneko zapia aukeratu eta horren eraldaketa bat eraman du kartelera. Sortzaileak “oso pozik” jaso du albistea, eta 600 euroko saria irabazi du Ondarroako Udalaren eskutik.
Aukeraketa
Jai batzordeak hiru lan aukeratu zituen aurkeztutako hamaseien artetik, ondoren, hiru horietatik izendatu zuten irabazlea. Udaletik aipatu dutenez, gainontzeko parte hartzaileek euren lanak jasotzeko aukera daukate Ondarroako Udaleko kultur sailean, abuztuaren 5era arte.