Aritz Erkiagak eta Jon Zabalak Markina-Xemein Jai Alai Grand Slam txapelketa irabazi dute, Jean Dominique Olharan eta Nicolas Etxeto finalean menperatuta. Gazte mailan Eñaut Urreisti eta Mikel Manzisidor izan dira garaileak. Uni frontoia jendez lepo agertu da finalean, eta jai giroa izan da nagusi.
Zapatuan, Karmen Egunean, Markina-Xemeingo Uni pilotalekuak Markina-Xemein Jai Alai Grand Slam zesta-punta txapelketako final handia hartu zuen. Etxeko pilotariak, Aritz Erkiaga aurrelari ispastertarra eta Jon Bullet Zabala atzelari markina, Jean Dominique Olharan aurrelari pautarraren eta Nicolas Etxeto atzelari bidartarraren kontra neurtu ziren. Jai giroa nagusi izan zen bai frontoi barruan, bai kanpoaldean; izan ere, harmailak ikuslez lepo agertu ziren, baina ez zen jendea falta izan kanpoaldeko frontoi txikian ipinitako pantaila erraldoiaren aurrean ere. Finalistek, pilotaleku barruan desfilatu ostean, sartu ezinik geratu ziren kanpoko ikusleak agurtu zituzten.
Argazkia: Zigor Etxebarria.
Finala, hasieratik amaierara, txapelketaren isla argi eta garbia izan zen: goi-mailako zesta-punta erakustaldia. Puntistek maila handiko partidua oparitu zieten ikusleei; emozioa eta tentsioa ageri-agerikoak izan ziren, eta etxeko pilotariek lortu zuten kontra hasi zitzaien partiduari buelta ematea. Lehen seta oso gogorra izan zen: bikote bietako batek ere ez zuen lortu markagailuan alde nabarmenik egitea. Olharan eta Etxeto, lehendabiziko minututik, partiduan oso sartuta egon ziren eta orain arte erakutsitakoa frogatu zuten: fisikoki eta joko aldetik egoera bikainean daudela. Iparraldeko bikoteak ez dauka partiduak errotik iraultzeko ahalmen azpimarragarriegirik, baina hasieratik amaierara bitartean erritmo bortitza ezartzen diote jokoari, eta horrek aurkarien higadura sortzen du.
Partiduaren lehenengo txanpan Zabalak pilota gehienak eroan zituen, eta Erkiagak, ostera, tantoen erremateak bilatu. Ispasterkoak jokaldi ederrak egin zituen: salto eginez, horma bitara, kanpoaldetik, efektuagaz jaurtiz, txik-txak erara eta abar. Dena dela, bere estilo klasiko eta ederrak ez zion ahalbidetu markagailuan aurreratzea. 10-10 zihoazenean, bikote urdinak urrats bat aurrera egin zuen. Ikusleek gorriei berotasuna eman arren, Olharanek eta Etxetok jokaldi segida eder bat egin zuten, eta norgehiagoka tentsio egoera batean murgildu zen: 14-15 zeharo berdindu bategaz burutu zuten lehen seta, Olharan eta Etxetoren alde.
Argazkia: Zigor Etxebarria.
Bigarren aldian gauzak errotik aldatu ziren. Erkiagak eta Zabalak oldarkortasunez abiatu zuten seta, eta 8-2 aurreratu ziren. Dena dela, urdinek ez zuten amore eman eta, tantoz tanto, hurreratzen hasi ziren: 9-4, 10-6, 11-7 eta 12-9. Une hartan, Erkiagak finalaren ardura beregain hartu zuen, eta Zabalak ikusleei berotasuna eskatu zien, besoak airean altxatuta. Uni osoak, bere aldetik, ispastertarrari erantzun zion, garrasika eta txaloka. 14-10ekoagaz iritsi ziren set amaierara; finala erabakitzeko zegoen, horrenbestez. Olharanek guztiak harritu zituen zabaletara atera zuenean, baina Zabalak eranginkor erantzun zion. 15-11 bukatu zuten bigarren aldia, eta finala berdinketa haustean erabaki zen.
Erkiagak hirugarren eta azken seta guztiz kontzentratuta ipini zuen abian: horma biko bikain bat jaurti zuen alboz, baina Olharanek jokaldi berberagaz erantzun zion: 0-1ekoa urdinentzat. Jarraian, errebote jokaldi bat sortu zen, eta Iparraldekoek ez zuten 0-2koa ezartzeko aukera galdu. Ikusleak urduritu egin ziren, txapelak urdinen esku zirudiela ikusirik. Baina orduan Zabala agertu zen, eta Erkiagari jokaldiak bukatzeko eszenatoki egokienak sortu zituen atzeko koadroetatik. Tantoz tanto, 4-2koa lortu zuten Ispasterkoak eta Markina-Xemeingoak, ikusleen zoramenerako. Erkiagaren azken tantoak harmailak sutan jarri zituen: errebote batez, 5-2koa ezarri zuen Unin.
Argazkia: Zigor Etxebarria.
Finala goitik behera irauli ondoren, Erkiagak eta Zabalak irabazleei dagozkien txapelak jaso zituzten. Aurrelari ispastertarrak, gainera, lehiaketako pilotaririk onenaren MVP saria irabazi zuen: Markina-Xemeingo marmol beltzez egindako garaikurra.
Mutrikuarrak nagusi. Gazte mailako finalean, Eñaut Urreisti eta Mikel Manzisidor mutrikuarrek txapela irabazi zuten Aaron Gonzalez de Matauko arabarraren eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarraren kontra. Danok Bat klubeko bikoteari partiduan sartzea kostatu zitzaion, baina, behin erritmora egokituta, uneoro aurretik izan ziren: 11-15, 15-12 eta 2-5. Txapelketako antolatzaileen balorazioa “bikaina” da. Adierazi dute Uni “jendez gainezka” agertu dela Grand Slamak iraun dituen sei jardunaldietan. Pilotarien erantzuna “oso ona” izan dela azaldu dute, eta baita “ikusleen jarrera eta babesa” ere.
Argazkia: Andoni Iparragirre.