Gogotik baliatu dute herriko txikienek Karmen Jaietako umeen eguna
Jolasteko aukerak nahieran dituzte umeek gaur [uztailak 18] egun osoan Alarabi erre aurretik.
Umeak indar amaiezinaren iturri dira, azken egunera arte zukutuko dituzte Markina-Xemeingo Karmen Jaiak. Ez dira inoiz nekatzen, nahiz eta ia 40 graduko tenperatura egon kalean. Haien eguna da gaur [uztailak 18] eta gogotik ospatu dute.
Hirugarren egunez jarraian txistularien kalejirak esnatu ditu herritarrak. Gogorra izan ohi da kuadrillen eguneko ostekoa. Eguerdirako trikitixa eskolakoek hartu dituzte kaleak erraldoiekin eta buruhandiekin inguratuta. Buruhandiek herriko kaleetan zabaldu dituzte herriko txikiak, haien atzetik korrika.
Umeak dira, hain zuzen ere, atsedenik behar ez dutenak. Egitarau zabala izan dute aukeran, nahieran hautatu ahal izan dituzte jokoak eta jolasak. Arkupean kirol egokiturako jolasak izan dituzte, besteak beste, bi motatako gurpildun aulkiak, kalekoa eta kirolekoa, saskibaloi eta hockey egokitua eta baita trebetasun jokoak ere. 16:00etatik 19:00etara bigarren txanda bat zabalduko dute nahi duenarentzat.
Hala ere, Uni frontoian bildu dira gehiengoak, zonaldeko gunerik hotzena da. Bertan daude puzgarriak eta egurrezko hainbat jolas. Eguzkitik aldentzeko aukerarik onena izan da. Beroarengatik, hain zuzen ere, bertan behera geratu da Gymkana Extreme lehiaketa. Arriskutsua zen hainbeste jarduera fisikoa eskatzen dituen jokoak egitea.
Arratsaldean umeei beste aukera berri bat zabaldu zaie. Zelaian tirolina eta zuhaitz eskalada probatu ahal izan dituzte. Ohian Vega Dj-ak girotu du gaztetxoentzako ekintzaren azken zatia. 22:00etan Perculights kale ikuskizunak hartuko ditu Markina-Xemeingo kaleak eta gero, Alarabiren erretzeagaz batera, agur esango diote Karmen Jaiei, hurrengo urtera arte.