Markina-Xemein, Euskadiko herriarteko finalera begira
Markina-Xemeinek Baztanen kontrakoa irabazi du, eta, hortaz, Euskadiko herriarteko esku pilota finala jokatuko du. Finalean Oiartzunen kontra lehiatuko dira, eta norgehiagoka hilaren 24an izango da, Zumarragan.
Markina-Xemein bete-betean sartuta dago Euskadiko herriarteko esku pilota txapelketan. Joan den zapatuan, Zumarragako Beloki pilotalekuan, Baztanen kontra jokatu zuen lehiaketako finalaurrekoa, eta garaipen borrokatua poltsikoratu zuen. Lorpen horregaz, Markina-Xemein lehiaketako finalera igaroko da. Partidu hori beste finalerdikoko irabazlea den Oiartzunen aurka jokatu beharko dute markina-xemeindarrek, eta datorren zapatuan izango da, hori ere Zumarragan.
Finalaurrekoa 11:00etan hasi zen, eta lehen unetik oso estua izan zen, Baztan jarrera eta maila oso lehiakorragaz agertu baitzen. Kadete, gazte eta nagusi mailako partiduak lehiatu zituzten pilotariek. Kadete mailan, baztandarrek 22-12 irabazi zuten; 9-7ko markagailura arte, partiduko ezaugarri nagusia lehiakideen arteko parekotasuna izan zen, baina jarraian Baztanek puntu bat igo zuen norgehiagokaren erritmoa, eta ia 22ra eroan zuen markagailua.
Gazte mailan, Markina-Xemeinek buelta eman zion egoerari. Markina-xemeindarrek “pilota kolpe gehiago” izan zutela adierazi dute herriko taldeko ordezkariek, eta partidua hasieratik amaiera “guztiz kontrolpean” eduki zuten; norgehiagoka 22-12 amaitu zen. Nagusi mailan ere dinamika berberari eutsi zioten Markina-Xemeingoek. Agirremalloak eta Ibarlozak bikote oso sendoa osatzen dutela erakutsi zuten, eta 22-10 garaitu zituzten aurkariak.
Aurreikuspen zaila. Finalera begira, markina-xemeindarrek “egoera oso gaitza” dela argitu dute: “Oiartzun aurkari oso gogorra da, beharbada, dagoen onena; ez daukagu finala irabazteko aukera askorik, baina ditugunak ahalik eta hoberen aprobetxatuko ditugu. Oro har, Oiartzun da hautagai nagusia, baina ezustekoa ematen saiatuko gara eta, behintzat, ahalik eta mailarik duinena erakusten”.