Pertsona bat hil da Amoroton, bero oldeagatik
Tenperaturek markak hautsi dituzte asteburuan, atzo [uztailak 18] batez ere.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak baieztatu du pertsona bat hil dela azken egunetako bero oldea dela eta; Amoroton hil zen. Herrira senide bat zaintzen joaten zen eta paseoa bat ematen zuen bitartean jaso zuen bero kolpea. Anbulantziak bertaratu baziren ere, ezin izan zuten gizonarengatik ezer egin.
Osakidetzak 184 larrialdi dei izan ditu azken egunetan tenperatura altuengatik, eta horietako 83 ospitalean artatu behar izan dituzte, 23 osasun zentroetan, eta gainontzekoak ez dituzte inora eraman behar izan. 83 horietatik 48 Bizkaian izan ziren, gehiengoak.
Domekan jaso zituzten dei gehien, 45. Astelehenean erregistratu ziren tenperatura altuenak, baina arratsaldean nabarmen egin zuen behera beroak, eta guztira 35 dei jaso zituen Osakidetzak. Zapatuan, berriz, 33 izan ziren larrialdi zerbitzuek jasotako deiak.
Azken urteetako bero olde gogorrena izan dela adierazi du Zupiriak, eta piztuta dauden alertak bihar [uztailak 20] utziko dituzte bertan behera.
Larrialdirik izanez gero, deitu 112 telefono-zenbakira.