Lekeitioko turismo bulegoaren aurkezpen ofiziala egin dute
Santa Elena etorbidea 2ko egoitza berrian elkartu dira gaur [uztailak 20] udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak.
Duela 15 egun zabaldu bazuten ere, gaur [uztailak 20] egin du Lekeitioko Udalak, Koldo Goitia alkatearekin buruan, turismo bulego berriaren aurkezpen ofiziala . Bertan egon ziren ere Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua, Cristina Muxika Bizkaiko Foru Aldundiko turismo zuzendaria, Jone Fernandez Eusko Jaurlaritzako Landa Eremuko zuzendaria, Cesar Navarro Silken Uribarren Jauregia hoteleko zuzendaria eta Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendariagaz batera.
Turismo bulego berria Santa Elena etorbidea 2an dago kokatuta, Lekeitioko alde zaharreko erdigunean; plaza, eliza eta hondartzaren ondoan. Gune ezberdinetan banatzen da; bisitariak hartzeko harrera, bilera gela bat edota Armintxeko kobazuloaren eta kaxarrankaren erakusketa. Udalak guztira 282.000 euro inbertitu ditu.
“Bistan dagoen” turismo bulegoa dela esan du Goitiak, aurrekoa “ezkutatuta” baitzegoen. Eraikin berri horrekin egoitza zabaldu nahi izan dute, “erdigunean” jarriz, “ikuserrazagoa eta hobeto kokatuta dago gune honetan, bisitarientzako onuragarria izango da eta zerbitzua hobetzeko aukerak emango ditu”. Gaur eman duten pausoak etorkizunean “onura handiak” ekarriko dituela esan du Goitiak.
Lekeitiok pandemia aurretik 25.000 turista hartzen zituen, baina kopuru horiek gainditzea espero dute udaletik, “denboraldi ona aurreikusten dugu”. 4.400 bisita jaso ditu orain arte Lekeitioko turismo bulegoak eta gehiago aurreikusi ditu Javier Hurtado Turismo Sailburuak “turisten elkar puntuan bilakatuz”. Lekeitiok eta Lea Ibarrak osatzen duten herriek bi milioi euro jasoko dituzte garapen eta jasangarritasun garapenerako funtsetatik. Akordio horren barruan sartzen da turismo bulegoaren lekualdaketa.
Industria. “Turismoagaz garapen ekonomikoa bilatzen dugu, hau da, diru sarrerak eta enplegua. Horrez gain, turismoak gure ondarea berreskuratzen eta babesten du, eta lan horretan gaude gaur egun, Mendieta Ontziolan, adibidez. Turismo bulego berri honekin amaitzen dugu elizateak azken urteetan egindako inbertsino guztiak, goiko kalea edo musika eskola, esate baterako”, adierazi du alkateak.
Eraikina 1962an diseinatu zuen Alvaro Libanok eta asko izan dira eraikinaren eginbeharrak azken 60 urteetan, autoen kontzesionario bat lehendabizi, gero gasolindegia edota motorzaleen egoitza, orain oinarriko planoetara itzuli dira “irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa” bermatuz: “jatorrizko egitura mantentzea bilatu da, fatxadaren morfologia errespetatu duen eraberritzea eginez eta zenbait elementu berriztuz”.
Herriarentzako turismo bulegoaren garrantzia nabarmendu du Navarro Silken Uribarren Jauregia hoteleko zuzendariak: “Turismoa ekonomiaren funtsezko oinarrietako bat da, bai udalerrirentzako, bai udalerrian bizi garenontzako. Bezeroen asetze maila oso handia da esparru guztietan, kulturari, gastronomiari, zerbitzuei edo naturari dagokienez. Bezeroak gurekin gehiago egon nahi duela ere nabaritzen ari gara; udalerriaren informazioa gero eta hobeto iristen da bezeroarengana.”
Joera positiboa. 2022ko lehen sei hilabeteetan 2019ko zenbakiak gainditu ditu Bizkai, Gipuzkoa eta Arabak turistei dagokionez. “Gaur bertan aditzera eman dizkigute ekaineko datuak, eta hauek apirilean eta maiatzean izandako joera positiboa berretsi besterik ez dute egin” adierazi du Hurtadok. Ekainean 2019an baino, hoteletako kontaketak kontuan hartuta bakarrik, %3,6 turista gehiago hartu ditu Bizkai, Gipuzkoa eta Arabak. Pandemiako eta osteko murrizketen ostean batez ere handitu egin dena atzerritarren etorrera izan da, %1,3 handitu da 2019ko lehen sei hilabeteekin alderatuta. Hori gutxi ez, eta %2,8 igo da espainiar estatuko turisten bisita.
Uda “oso positiboa eta funtsezkoa” izango dela aurreratu du Hurtadok. Alde horretatik, Lekeitiokoa bezalako turismo bulegoak “oso garrantzitsuak” direla esan du turistengana “gehiago eta hobeto” hurbildu ahal izateko, “turisten pozak turista berriak erakarriko ditu”. Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako turisten jokabideari buruzko Ibiltur azterketak adierazten duenez, %62 inguruko ezagunen gomendio zuzenengatik etortzen dira.