Patxi Villar: «Inork ikusi ezin dituen gauzak ikusten ditut»
Aulestiko bizilagunak Misterios del alma tierra Youtubeko kanala dauka eta bertan ia egunero ikusten dituen OHEan bideoak argitaratzen ditu. Zentsuran bizi dela dio.
Misterios del alma tierra Youtubeko kanalaren arduraduna zara. Zer aurkitu daiteke?
Albistegiak dira azken batean, gaur egun gero eta albiste arraroagoak eman, orduan eta albistegi emankorragoa da. Beste alde batetik, albistegi bat benetan garrantzitsua eta entzutetsua izateko norbait molestatu behar du. Nire bizi osoan zentsuran bizi izan naiz. Nire aita Enrique Villar zen Lur argitaletxea sortu zuen kideetako bat eta, besteak beste, Gabriel Aresti, Ramon Saizarbitoriari eta beste askori eman zieten akuilu. Egoitza nire etxean azpian, Villa Zutiken, Donostian, zegoen eta Guardia Zibila juezen ebazpenengatik etxera etortzen ziren bakoitzean, nik liburuak eta paperak erretzen ikusten nituen etxe aurreko lorategian. Aita azkar irakurtzeko teknikaren sortzailea izan zen, eta diru asko egin zuen bere liburuagaz, eta argitaletxearen sostengu ekonomiko nagusian bilakatu zen. Era berean, arrakasta horrek errepresioa eta zentsura ekarri zuen, eta nik hori txikitatik bizi izan dut. Ni zentsura kapsula batean bizi izan naiz.
Zentsura, zergatik?
2017an Castellonera (Valentzia, Herrialde Katalanak) joan ginen bizitzera, gure semeentzako eguraldi onago baten bila. Horrez gain, aspalditik nuen liburu bat idazteko helburu hori betetzeko leku aproposa zela uste nuen. Martxoaren 19an egongelan geunden, eta, bat-batean, zeruan argi batzuk ikusten hasi ginen nire emaztea eta biok. Ez genuen inoiz halakorik ikusi. Txundituta geratu ginen. Ezin sinisturik. Hori ez zen normala. Nire emazteak semeak altzoan hartu zituen babesteko, eta ni terrazara atera nintzen. 20 minutuan egon ziren argiak zeruan alde batetik bestera itzaliz eta argituz, eta, inoiz bizi ez dudan sentipen bat izan nuen, mezu telepatiko bat jaso nuen esanez zeruko toki batera begiratzeko.
Eta gero, zer gertatu zen?
Nire emazteari bizitakoa azaldu nion, esanez zelan mezu telepatiko bat jaso nuen, eta biok puntu horretara begira jarri behar ginela. Mezuan, ordea, ez zitzaidan azaltzen zein tokira begiratu behar genuen. Bat-batean, 2.000 metrora gutxi gorabehera zerbait ikusi nuen, guregana zetorren oso azkar. Triangelu formako OHE (Objektu Hegalari Ezezaguna) bat zen, eta kristal beltzezko lau borobil zituen erpin bakoitzean. Segundo gutxiren ostean, etxe gainean jarri zen, eta aho zabalik geratu nintzen. Atea zabaldu eta kanpora atera nintzen. Emazteak ez ateratzeko esaten zidan. OHEaren azpian jarri nintzen, behealdea ikusten nion, oso handia zen 100 metrokoa, hegazkin bat zirudien. Bost minutu baino gehiago egon zen ia geldi nire gainean. Shock bat izan zen, beldurgarria izan zen, eta bizitakoa azaltzeko beharrizana nuen. Idatzi nahi nuen liburu horretarako arrazoia aurkituko nuen. Pacto diplomatico extraterrestre biologico fisico astral liburua idatzi nuen.
Txikitatik uste izan duzu ez garela bakarrik bizi?
2017ko martxoaren 19ra arte nik ez nuen estralurtarrengan sinisten. Ni beti nire kontuetan izan dut burua, ez naiz inoiz inolako taldeko kidea izan ez ezer ez. Baina orain bai. Nik ditudan datuak ez ditu munduko inork, inork ikusi ezin dituen gauzak ikusten ditut. Haiekin harremanetan jartzeko gaitasuna daukat, entzun eta ulertzen naute, gauez beste argi kolpe bat emateko eskatzen badiet haiek ematen dute.
Zenbat aldiz ikusi dituzu OHEak?
2017tik aurrera begiak zabaldu ditut, eta konturatu gabe ikusten ditut OHEak. Nire etxean egon naiteke lasai jesarlekuan jesarrita eta leihoa zabaldu eta gauzak ikusten ditut. Ikus dudan dena grabatzen dut eta nire Youtubeko kanalera igotzen dut, ez bakarrik bideoa, baita azalpena eta testuingurua ere. Nire bideoak ikusi dituzten Espainiako Ufologo talde denek diote egiazkoak direla, ez direla gauza normalak, ez dira mundu honetakoak, estralurtarrak direla. Harrituta daude, beldurtuta daude ikusten dudan denarengatik, ez bakarrik zer ikusten dudan noiz, nola eta batez ere zenbatetan ikusten dudalako. Ia egunero ikusten ditut OHEak Aulestin, nire Youtubeko kanalean daude datekin jarraipena egiteko.
Zer dira ikusten dituzunak?
Lurtarrak egiteko gai ez diren teknologiaz egindako OHEak dira. Ez diot nik, ezagutzen nauten mundu guztiko ufologia adituek diote. Gainontzekoek beldurra didate. Hemengo gintariekin harremanetan jarri naiz, baina jada ez didate erantzun ere egiten.
Ezaguna zara, beraz.
Liburuaren harira elkarrizketa asko egin nituen, horietako bat Bilbon, De la tierra al cosmos programan GRUEren (Grupo de Radioaficionados de Euskadi) baitan. Gaur egun oraindik jarraitzen dute astero. Gai honek mundu osoko gobernuak egoera oso ezegonkor eta ahul batean jartzen ditu herritarrekiko. Horregatik, hedabide handiek ez didate ahotsa eman nahi. Ez dute nahi ni ezagutzera ematea. Hala ere, nire tokia aurkitu dut mundu osoko komunikabideetan, Argentinan edo Mexikon. Horrez gain, Espainiako Irratiko Ufologia arduraduna izan naiz urte askotan. Joaten naiz irrati denetan errekorrak ezartzen ditut, 25.000 deskarga izan ditut programa bakar batean. Joaquin Avenza elkarrizketatu dut, hau da, gaur egun Iker Jimenezen lekuan zegoen misteriozko programen aditu nagusia. Nire irratsaioetako bat Iker Jimenezi kontu ez niona deitzen da, eta bertan Constantino Salgerok azaldu zizkidan Cuarto Milenion esatera ausartu ez zen gertaerak.