Aritz Erkiaga, Iparraldeko izarra
Ispastertarrak Biarritzeko eta Donibane Lohitzuneko masterrak irabazi ditu jarraian, Nikolas Etxetogaz eta Imanol Lopezegaz, hurrenez hurren.
Aritz Erkiagak Iparraldeko bi master nagusiak irabazi ditu, Biarritzekoa eguaztenean (abuztuak 24) eta Donibane Lohitzunekoa atzo (abuztuak 25). Ispastertarra udako txapelketetako izar nagusia izaten ari da, eta egoera hori berretsi besterik ez du egin Iparralden.
Biarritzeko Euskal Jai Pilotalekuan Erkiagak Nikolas Etxeto izan zuen bizkartzain David Minviellen lesioagatik. Bi setetan hartu zituzten mendean Ithurria eta Imanol Lopez, 15-11 eta 15-10, Urrezko Xistera eskuratuz.
Lehen tantoa benetan gogorra izan zen, ia lau minutuko iraupenagaz, eta lehen bost tantoetarako hamairu minutukoa zen jokoaren iraupena. Pilotagaz oso eroso aritu ziren gorriak, eta tartea zabaldu zuten markagailuan hasiera batetik, 8-4 atsedenaldian 14-7 arte. Berdeek apur bat hurreratzea lortu bazuten ere, Erkiagak eta Etxetok ez zuten arazorik izan seta 15-11 ixteko.
Bigarren seta polemikagaz hasi zen. Aurrelari ispastertarrak bigarren botean eroan zuen Lopezen moztutako pilota bat. Aurkariak protestaka hasi ziren, eta tantoa galdu. Frontoiko pantaila erraldoietan argi ikusi zen bigarren botea. Epaileek ez zuten erabakia, baina, aldatu, eta berdeek kontzentrazioa galdu zuten: atsedenaldirako 8-2 galtzen zihoazen. Partida kontrolpean zuten Erkiagak eta Etxetok, eta erosotasunez eman zioten amaiera neurketari, 15-10.
Bigarrena jarraian. Atzo (abuztuak 25), Donibane Lohitzunen, Lopez zumaiarragaz osatu zuen bikote Erkiagak, aurrean izan zituzten Ludovic Ladutxe eta Jon Zabala (David Minviellen ordezkoa izan zen markina-xemeindarra). Final askoz berdinduagoa izan zen. Urdinak 1-6 eta 3-7 aurreratu baziren ere, pixkanaka ispastertarra jokoan gehiago eta hobeto sartzen hasi zen, 7-7 berdindu arte. Hala ere, urdinek berriro kolpea eman zuten mahai gainean 8-12 aurreratuz. 6-0 partzialagaz lehen aldiz jarri ziren aurretik gorriak. Ladutxe eta Zabala 14-13 hurreratu baziren ere, Erkiagak txokoan utzitako pilotagaz amaitu zuen seta.
Amaitu bezain estu hasi zen bigarrena ere. Ladutxek, berriz, asko asmatu zuen aurreko koadroetan eta zuloa zabaldu zuen: 5-9. Orain bai, lapurtarrak eta markina-xemeindarrak abantaila hobeto kudeatu zuten, 12-15koa ezarriz. Set erabakigarrian 2-3 aurreratu baziren ere, Erkiagak eta Lopezek esperientzia baliatu zuten 5-3 nagusitzeko. Bigarren xistera izan zen Aritz Erkiagarentzat.