Markina-Xemeingo harrobiko langilearen heriotza salatu dute
Atzo [abuztuak 25] elkarretaratzea egin zuten udaletxearen aurrean, senide eta lagunei babesa adierazteko.
Astelehen arratsaldean [abuztuak 22] Amenabar taldearen barruan dagoen Zeleta enpresako 34 urteko langile bat hil zen Markina-Xemeingo Lekoitzeko harrobian harritzar batek harrapatuta. Lan heriotza salatzeko eta lan istripu gehiagorik ez izateko elkarretaratzea egin zuten atzo [abuztuak 25], udaletxe aurrean, Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez lelopean. Era berean, senide eta lagunei babesa eskaini nahi izan diete.
LAB sindikatuak aditzera eman du 2022a hasi zenetik 52 langile hil direla Euskal Herrian, horietako bost abuztuan. “Odol isuriak ez du etenik. Beste laneko heriotz bat, beste familia bat birrindurik eta beste drama sozial bat. Goizean lanera joateko jaiki eta ez itzuli”, adierazi dute.
Sindikatuak dio behin baino gehiagotan jarri dutela mahai gainean istripuak “ekidingarriak” direla, atzean dauden “drama sozial eta pertsonalak” ekidin daitezkeela, “prebentziorako neurriak betez gero”. Hain zuzen ere, Amenabar taldearengan jarri dute arreta: “Ezagunak dira taldeko harrobiko honek inguruarekiko eginiko arau hausteak, orain badakigu baita ere, lan osasuneko araudia ez dela errespetatzen”. LABen arabera, enpresako langilegoak ez du formakuntzarik jasotzen “arrisku handikoa izanik ere”. Sindikatuak iritzi dio patrolanari “merke” ateratzen zaiola langilearen heriotza: “Kapitala, produkzioa langileon bizitzaren aurretik jartzen dute”.
Hori gutxi ez, eta sindikatuak esan du patronalak Eusko Jaurlaritzaren “ezinbesteko onespena” duela, azken batean “erabaki politiko” bat dagoela. “Izan ere, patronala kontrolatzeko eta lan osasunerako araudia betearazteko dituen bitartekoen erabilpen ankerra egitean, betearazpen hori bera desitxuratzen du eta patronalak nahi bezala jokatzen jarraitzen du”.