Jennifer Rodriguez eta Ugaitz Perez nagusitu dira Lekeitioko San Antolin altuera jauziko txapelketan
Naia Garetxana lekeitiarrak bere inoizko markarik onena hobetu zuen zapatuan [abuztuak 27].
Zapatuan [abuztuak 27] lehiatu zen Lekeitioko plazan 27. San Antolin altuera jauzi txapelketa Tximista Atletismo Taldeak antolatuta. Beste urte batez izen erakargarriak hurbildu ziren kostaldera arte, Bizkaikoak, Euskal Herrikoak baita atzerritarrak ere.
Jennifer Rodriguez kolonbiarra nagusitu zen emakumezkoetan, bera zen faborito nagusia eta hautagaitza hori berretsi besterik ez zuen egin. Denboraldiko markarik onena berak zuen, 1,88m, eta urruti geratu bazen ere, 1,81m, nahikoa izan zuen garaipena lortzeko. Bigarren Izaskun Turrillas iruñarra izan zen, 1,75 metroko langa gainditu zuen. Hirugarren Arakaldoko Garai Larrakoetxea izan zen, 1,69 metroko jauziagaz. Laugarren izan zen Naia Garetxana lekeitiarra 1,63 metroak gainditu zituen, bere markarik onena lortuz. Tximista Atletismo taldekoa izan zen orain arteko bere jauzirik onena hobetu zuen bakarra. Bosgarren tokian amaitu zuen Eunate Martinez de Rituertok 1,69 metroko jauziagaz. San Antolin txapelketa inoizko markarik onena Ruth Beitiak egin zuen 2008an 1,90 metroko langa gaindituz.
Gizonezkoetan ezusteko gehiago izan ziren. Ugaitz Perez bilbotarrak lortu zuen garaipena 2,05 metroko jauziagaz. Denboraldiko bere markarik onena hobetu zuen lau zentimetrogatik eta ez zuen besterik behar izan David Bolado kantabriarra gainditzeko. Atletismo Numantinoko kirolaria 1,99 metrotan geratu zen. Hirugarren postua Txindoki taldeko Danel Perezentzat izan zen 1,96 metrogaz. Laugarren eta bosgarren izan ziren Durango taldeko Aimar Vicente eta Pablo Martinez de Gereñu: 1,93 metro eta 1,90 metro, hurrenez hurren. Bost parte hartzaileak Javier Bermejok 2008an jauzi egindako 2,19 metroetatik urrun geratu ziren.
Tximista Atletismo Taldeko kideak “oso pozik” agertu dira 27. San Antolin altuera jauziko txapelketaren harreragaz. Jaietan herriko plaza ekintzaz beterik egoterakoan, aurreratu behar izan dute txapelketaren data, baina San Antolin jaietako egitarauaren barruan sartu da. “Modalitate honetara dagoen afizio gutxia kontuan izanda asko izan ziren hurbildu zirenak”, esan dute antolatzaileek. Parte hartzaileen aldetik ere zerrenda erakargarria osatu ahal izan dute, “garai hauetan asko oporretan daude eta beste asko bestelako txapelketetan, hala ere, maila altuko kirolariak lehiatu dute”. Lekeitioko altuera jauziko txapelketa berezia da, atletek bestelako baldintza batzuetara egokitu behar direlako, “ez da pista bateko egoera bera eta horrek xarma berezia ematen dio”.