San Antolin jaietarako zehaztapenak argitaratu ditu Lekeitioko Udalak
Irailaren 1etik 8ra kanpainak jarriko dituzte martxan, “bi urteren ostean denok jaietaz gozatzeko”
Lekeitio jai giroan sartuko da bete-betean irailaren 1etik 8ra San Antolin jaiekin, eta udalak hainbat kanpaina jarriko ditu martxan jaietaz gozatu ahal izateko. Zehaztu dutenez, aurten 172.000 euro inguru erabiliko dira zazpi eguneko programazio luze eta oparoan. 2019ko azken jaietan baino diru gutxiago, 175.000 euroko aurrekontua izan baitzuten. “Ahalegin berezia egin dugu jaietako ekintzetan aniztasun handia egoteko eta denontzako festak antolatzeko, aurten inoiz baino garrantzitsuagoa da”, adierazi dute.
Bi urteko hutsunea eta gero, Lekeitiora jende kopuru handia etortzea aurreikusten dute, “jendea gogotsu dago eta gainera irailaren 6a jai eguna dela eta Antzar Egunean jende gehiago etor daiteke”. Horregatik, udaletik segurtasun neurriak indartuko dituzte baita osasunekoak eta garbitasunekoak ere. Irailaren 5ean, esate baterako, kanpainako ospitale bat jarriko da Turismo Bulego berriaren ondoan, Santa Elena etorbidea 2an.
Zirkulazioari dagokionez, aldaketak izango dira zenbait egunetan. Irailaren 1ean, kuadrillen jaitsiera bitartean ibilgailuen joan-etorria geldituko da herriaren erdigunean. Era berean, irailaren 3an, jende pilaketaren arabera eta segurtasun taldeko arduradunek hala erabakiz gero, erdiguneko zirkulazioa eten dezakete. Azkenik, Antzar Egunean, Lekeitioko sarbideak 10:00etatik 24:00etara itxita egongo dira, eta ordutegia luzatu dezakete arduradunek beharrizana antzeman ez gero jende pilaketaren arabera. Ibilgailuak udalerrira igarotzea murriztuko dute larrialdi eta segurtasun zerbitzuetakoak izan ezik. Udala zehaztu du erdigunea Elizako Dorretik Sabino Arana 13 zenbakira bitarteko bide zatia dela.
Pilaketak ekiditeko, udaletik garraio publikoa erabiltzeko gomendioa luzatu dute, “Bizkaibusek inoiz baino autobus gehiago jarriko ditu, Lekeitiora etortzeko zein itzultzeko”. Horrez gain Lurraldebus eta Gababus zerbitzuak egongo dira aukeran eskualdeko eta inguruko herrietatik.
Bizkaibusek hurrengo zerbitzua emango du:
Irailaren 2a, barikua eta 3a zapatua
• A3512 Lekeitiotik Iurretarako irteerak: 4:30 /5:30 • A3513 Lekeitiotik Gernikarako irteerak: 4:50 /5:50
Irailaren 4a, domeka
• A3512 Lekeitiotik Iurretarako irteerak: 5:30
• Lekeitiotik Bilborako irteerak: 6:30 / 7:30
• A3513 Lekeitiotik Gernikarako irteerak: 5:50 / 6:50 • A3523 Lekeitiotik Gernikarako irteerak: 5:50
Antzar Eguna: irailaren 5a, astelehena eta 6a, martitzena
A3512 Bilbao – Iurreta – Markina – Lekeitio Irteerak Bilbotik:
•Irailaren 5a: 9:45etik 14:15era 15 minuturo, eta 14:45etik 18:45era 30 minuturo Irteerak Lekeitiotik:
•Irailaren 5a: 19:15etik 22:45era 15 minuturo, eta 23:15etik irailaren 6ko 7:45era 30 minuturo
A3513 Amorebieta – Gernika – Lekeitio Irteerak Zornotzatik:
•Irailaren 5a: 8:30etik 15:00era 30 minuturo, eta 16:00etik 18:00etara 60 minuturo
•18:00etik irailaren 6ko 6:00era 30 minuturo Irteerak Lekeitiotik:
•Irailaren 5a: 9:45etik 16:15era 30 minuturo, eta 16:15etik 18:15era 60 minuturo
•18:15etik irailaren 6ko 7:45era 30 minuturo Irteerak Gernikatik:
•Irailaren 5a: 10:00etatik 16:00etara 30 minuturo eta 18:30etik irailaren 6ko 4:30era 30 minuturo
Irteerak Lekeitiotik Gernikara:
•Irailaren 5a: 10:45etik 15:45era 30 minuturo, eta 14:45etik irailaren 6ko 5:15era 30 minuturo
A3523 Gernika – Lekeitio Irteerak Gernikatik:
•Irailaren 5a: 21:00etatik 03:00etara 120 minuturo Irteerak Lekeitiotik:
•Irailaren 5eko 22:00etatik, irailaren 6ko 4:00etara 120 minuturo
Zaborra da udalaren beste kezka nagusietako bat. 2019an 14.200 kilo zabor batu ziren, horietako erdia baino gehiago Antzar Egunaren ostean, 7.680. Udaletik jende kontzientzatu nahi dute, “zaborrak dagokien edukiontzietara botatzeko aldarrikapena egin nahi dugu, ingurugiroa zaintzea denon erantzukizuna da”. Mezu hori indartzeko kanpaina bat abiatuko dute “jai jasangarri eta garbien alde”. Edukiontzien kopurua handituko dute eta portuaren inguruan neurriak hartuko dira zaborra portura ez jausteko.
Era berean, Lekeitioko Udalak eraso sexistenganako sentsibilizazio kanpaina berezi bat jarriko du martxan jaietan. “Gogoratu nahi dugu jai giroan zein beste edozein egoeratan, besteak errespetatu behar direla. Ezin da onartu inolako eraso sexistarik eta indarkeriaren aurrean jarrera aktiboa izatea denon ardura da”, adierazi dute. Horretarako, bideoa, kartelak eta zapiak egindo dituzte “Emakumeko jaietan ere libreak izan nahi dugu, ez ausartak!” leloagaz. Taberna, txosnagune eta bestelakoetako arduradunei dei egin diete eraso sexista baten aurrean jarrera aktiboa izateko eta salatzeko.
Bidea eginez. Udalak jai girorako gune berri bat sortuko du nagusientzako, hain zuzen ere, Zapateritoko frontoian. Irailaren 3an eta 5ean 19:00etatik 22:30era bailableak dantzatzeko aukera izango dute. Herriko nagusien segurtasunerentzako eta auzokideei eragozpenak txikitzeko asmoz zonalde horretan zirkulazio aldaketak egingo dituzte.
Beste alde batetik, 2019ko azken jaietako bideorria jarraituz, egitarau inklusiboaren bila, udalak txartela banatuko die behar bereziak dituzte haurrei. Asko dira ilaran egotea ezinezkoa egiten zaitzaiena eta horregatik, barraka gunean eta puzgarrietan lehentasuna izango dute. Eskaera udaletxeko bulego orokorretan egin beharko da. Era berean, zaratarekiko hipersentsibilitatea duten haurrek barraketaz gozatu ahal izateko, irailaren 2an eta 7an 17:00etatik 19:00etara ferialariek ez dute musikarik jarriko.
Azkenik, udalak eskerrak eman nahi izan dizkio jai batzordeari eta herriko kirol eta kultur taldeei “San Antolin jaietan izango ditugun ekintza guztiak aurrera eramateko egiten duten lanagatik eta guztioi jai zoragarri batzuk igarotzea desiratzen dizuegu”.