Orain Bi konpainiak 'Mute' zirku-antzerkia eskainiko du Markina-Xemeinen
Ikuskizunak Euskadiko ikuskizun onenaren saria lortu du Leioako Umore Azokan; adin guztietako ikusleei zuzendutako antzezlana da.
Uhagon kulturguneak asteburu honetan emango dio hasiera iraileko programazioari. Horrela, publiko guztientzako kale ikuskizuna egongo da barikuan [irailak 2], 18:30ean, Markina-Xemeingo Uni frontoi aurreko plazatxoan. Orain Bi konpainiak Mute zirku antzerkia eskainiko du.
Orain Bi Bilbon egoitza duen zirku-antzerki konpainia da, Rodrigo Lacasa Montes (Toli) eta Sara Alvarez Iglesiasek (Sarini) osatua, eta hainbat diziplina akrobatiko erabiltzen ditu, hala nola pertxa akrobatikoa eta eskua. Konpainiak 2022ko Leioako Umore Azokan parte hartu du Mute ikuskizunagaz, eta Euskadiko ikuskizun onenaren saria lortu dute. Epaimahaiaren arabera, Mute “proposamen originala, atsegina eta zaindua” da. Ikuskizunak aldatzeko premiaz egiten du berba, umorea, poesia eta ezustekoen bitartez.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, euria eginez gero emanaldia frontoi txikira lekualdatuko dute.