Oruesagasti, Gandiaga eta Salcedo omenduko ditu Artibai Futbol Taldeak
Artibai Futbol Taldeak omenaldi partidua egingo du, Berriatukoren kontra, zendutako hiru gazteren oroimenez. Zapatuan izango da, 17:15ean.
Artibai Futbol Taldekoek ez dituzte ligako partiduak abiatu, baina, dena dela, partidu esanguratsua jokatuko dute etzi, Barroetan. Izan ere, iaz eta aurten zendutako hiru gazteri omenaldia egin gura diete, eta, beraz, nagusi mailako oroimenezko partidua egingo dute 17:15ean, Berriatukoren kontra.
Bernat Oruesagasti, Aitor Gandiaga eta Ekaitz Salcedo gazteak omenduko dituzte lagunarteko norgehiagoka horretan. Taldetik adierazi dutenaren arabera, senideak nahiz lagunak partidua orduko elkartu egingo dira, eta hirurei omenaldi ekitaldia egingo diete; ekitaldi horren ondoren hasiko dute partidua.
Bestalde, gazte eta kadete A taldeen partiduak ere iragarri dituzte. Gazte mailakoek zapatuan lagunartekoa jokatuko dute Barroetan, 12:30ean, Basurturen kontra. Kadete A taldekoek, ostera, 12:00etan Larrako Zelain jokatuko dute Iurretaren kontra.