Zortzigarren eginda, Ondarroak ez du Kontxarako txartelik lortu
Zortzigarren postuan geratu dira ondarrutarrak, Chapelaren atzetik. Arraun Lagunak taldeak nagusitasun osoz irabazi du, lehiakide zuzena den Orioren aurretik.
Arraun Lagunak izan da azkarrena Kontxako Banderaren emakumezkoen sailkatze estropadan, 10.46,24ko denborgaz. Datozen bi asteburuetako lehian sartzeko txartel preziatua lortu barik geratu dira Ondarroa Arraun Elkarteko emakumezkoak, hain zuzen ere, inork nahi izaten ez duen zortzigarren postuan, zazpigarrenarengandik 8 segundora.
Bigarren sailkatua, lau segundora, Orioko trainerua izan da. Eusko Tren ligako garaileak txartela eskuratu du domekarako. Hirugarren postua Tolosaldea taldeak eskuratu du; estropada izugarria eginda, irabazlearengandik hamaika segundora heldu dira. Playoffetara begira dagoen taldeak indarra erakutsi du, Eusko Tren Ligako onenen mailari eutsiz.
Domekan 11:00etan hasiko da emakumezkoen 1. jardunaldia, eta bertan ariko dira Arraun Lagunak, Orio, Tolosaldea, Hibaika, Cabo, Hondarribia eta Chapela.
Lehian aritutako eskualdekotalde bakarra izanik, ondo lehiatutako estropada eginda, baina domekan Donostiako uretan egoteko aukerarik gabe geratu dira ondarrutarrak. Aurreko urteetan ere txartela lortzeko bidean egon izan dira, bederatzigarren eta zortzgarren postuetan sailkatuta. Naroa Goikoetxea Ondarroako patroiak izandako arazoen berri eman du: “Egia esan, brankaz txartoago joan gara, baina popaz hartu dugunean olatua, barruraino ondo etorri gara”. Inork nahi ez duen zortzigarren postuan geratu badira ere, pozik agertu da ondarrutarra lortutakoagaz: “Postu hau bederatzigarrena eta hamargarrena baino hobea da. Nik uste dut daukagun dena eman dugula, ahotsa ere utzi dut, eta neskek dena eman dute. Gure ligakoei irabazi egin diegu, eta, beraz, pozik gaude”.
Ezusteko gutxi. Eusko Tren ligako hiru taldeak sailkatu dira, hurrenez hurren, ETE Ligako eta Galiziar ligako lehen bi taldeekin batera. Denborak eskuan izanik, agerian geratzen da maila bien arteko aldea.
Eusko Trenen bigarren geratu ostean, lehia polita ikusteko aukera eskaini dute oriotarrek eta donostiarrek, azkenak nagusituz. “Ligan lortu ez ditugun sentsazio onak izatea lortu dugu, eta hori beharrezkoa zen. Psikologikoki behar genuen”, esan du Xubane Uriabarrena Arraun Lagunakeko arraunlariak.
Bestalde, Galiziar ligako lehen bi postuak eskuratu eta datorren denboraldian Eusko Tren Ligan lehiatzeko aukera daukaten bi taldeek lortu dute domekan lehian egoteko aukera: Cabo Club de Remo eta Chapela Wofcok. Nicole MaroƱo Cabo Club de Remoko patroiak bere poztasuna adierazi du gertatutakoaren aurrean: “Amets bat da hau, taldea oso pozik dago. Distantzia luzeagoetara gaude ohituta, eta guretzat irteera azkar hauek gogorrak dira, baina ondo lehiatu dugu”.