Martxa hartuta, zapatuari ekiteko prest daude San Antolinak
Kirol ekimenez josita hasi dute eguna, giroa puntakoa izanik, arratsaldean datorrenari ekiteko prest daude herritarrak.

San Antolin jaietako hirugarren egunari ekin diote goiz-goizetik. Kirolariek ez dute hutsik egin, eta 10:00etarako abiatu da gazte kategoriako txirrindulari lasterketa, Oier Elorriagaren omenezko XVII. Memoriala eta 68. San Antolin Txapelketa.
Ez dira, ordea, bakarrak izan, futbola eta akuatloia ikusteko aukera ere izan dute goiztiarrek. Larrotegi futbol zelaian kadeteen partida lehiatu da eta hondartzan, berriz, Garraitz Triatloi Taldeak antolatutako akuatloian parte hartu dute gazteenek.
Herrian jai giroa nabari da. Eguraldia lagun, asko izan dira astelehenerako dena puntu-puntuan izateko asmoz jaiki eta ontziak atera dituztenak, Arrantzale Egunean ezustekorik egon ez dadin. Kuadrillak uretan nahiz moilan aritu dira, zein baino zein prestuagoa lanak egiteko. Martxa hartuta, jada ez dago jai giro paregabea gelditzerik. Gutxiago, zapatua izanik.
Itxaropena txistulari taldeak kontzertu ibiltaria abiatu du, eta bi geldialdi egin ditu, udaletxe aurrean eta Eskolapean. Eta ikuslerik ez da falta izan. Ohiko doinuek eta herritarren ahotsek herria girotu dute, une batez ikusle zein musikariek bat eginez.
Eguerdian jai giroa puntakoa izanik, ilunabarreko giroa ziurtatuta dago. Bazkalostean, berriz martxari ekingo diote herritarrek, eta hurbiltzen diren guztiek. 17:00etan umeentzako ikuskizuna eskainiko du Patata Tropikala taldeak, eta Makilaje tailerra egongo da Abaroa parkean.
19:00etan, Nagusien San Antolin futbol txapelketa jokatuko da Larrotegin. Zapaterito frontoian, Pergola orkestraren soinuaz gozatzeko aukera egongo da, eta Santi Brouard frontoian, berriz, Emakumeen I. San Antolin Esau pelota torneoa lehiatuko da.
Kontzertuak nonahi egongo dira. Plazan, Puro Relajo, Doctor Deseo eta Bon Scott Revival show, AC/DC taldeari tributoa ariko dira. Eta txosnagunean, hainbat eskaintza egongo da. 22:00etan abiatuta, Lil & Ruizma, DJ Mutiko, Tatta eta Denso eta DJ Katutxistu egongo dira gaua dantzan jartzeko asmoz.
Zapatuagaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko dute lekeitiarrek. Bihar, berriz, goizetik 26. Paella Txapelketari ekingo diote, prestaketa lanak egin, eta talde trebeena aukeratu ostean, herri bazkariak gozotuko du domeka eguerdia.