Omenaldi beroa, Barroetan
Salcedo, Gandiaga eta Oruesagastiri omenaldia burutu da Barroeta futbol zelaian. Ondoren, Artibai eta Berriatukoren arteko partida lehiatu da.

Asko eta asko izan dira Barroeta futbol zelaira hurbildu direnak. Bernat Oruesagasti, Aitor Gandiaga eta Ekaitz Salcedo gazteak omentzeko lagun, senide, zein herritarrak bildu dira, ekitaldi berezi bat osatuz.
Artibai Futbol Taldeko futbolariak eta Berriatukokoak zelaian izanik, Zerutxu Dantza Taldekoek pasilloa osatu dute. Omendutako gazteen senideak igaro dira, zelaira merezitako berotasunagaz sartzeko. Ondoren, Artibai taldeko zuzendaritza taldekoak sartu dira, Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateagaz batera.
Zerutxo Dantza Taldekoek ohiko maestria erakutsiz dantzaldia eskaini diote familiei. Ondoren, opari eta lore banaketagaz hasteko unea heldu da. Hain zuen ere, gazteen kamisetak banatu dizkiete familiei, eta txalo zaparrada artean jaso dituzte. Zelaira hurbildu direnek babes osoa eskaini diote eskuak astinduaz, eta omenaldiari bukaera eman diote, berriz ere pasillotik igaroaz.
Emozioak pil-pilean izanik, norgehiagoka hasteko prestatu dira futbolariak. Minutu bateko isilunea osatuagaz batera, txistua jo, eta partidari ekin diote.




























