Girotsu bezain jendetsuak izan dira Milloiko jaiak
Duela 27 urte burututako erronka berreskuratu zuten Garramiolak eta Aranzetak. Berriatuatik Milloirako bidea osatuaz, batak korrika eta besteak bizikletaz.

Arratsaldean ekin zioten zapatuko egitarauari berriatuarrek. Milloiko jaiekin jarraitzeko asmoz, 17:00ak orduko 35 bikote prest zeuden lehiari ekiteko. Tradizio bilakatu den XXV. Mus Txapelketa jendetsu hasi zen eta giroa aparta izan zen parte hartzaileen artean.
Zein baino zein gehiago aritu ostean, azkenean, Anzarda eta Txurruka mutrikuarrek lortu zuten txapela. Etxebarria ondarrutarra eta Garate markina-xemeindarra sailkatu ziren bigarren.
Ondoren, auzoko txikienen txanda heldu zen. Gogotsu hurbildu ziren haur eta gazteak duatloiari ekiteko. Bi tandatan banatu zituzten taldeak, lehenik txikienen unea izan zen, eta ondoren nagusiak atera ziren. Lehiari nagusitu zitzaizkion ondo pasatzeko gogoa eta elkartasuna. Giro apartak borobildu zuen zapatu arratsaldea Berriatuako auzoan.
Domeka ohiko mezagaz hasi zen, eta eguerdia orduko, Uxue Alberdi eta Ane Labakaren bertso saioagaz gozatzeko aukera izan zuten hurbildu zirenek.
Baina eguneko hitzordurik garratzitsuena finkatuta zegoen, duela 27 urte burutu zen erronka berreskuratu eta aurrera eraman zuten herriko bi gaztek. Jon Garramiola eta Egoitz Aranzeta, bata korrika eta bestea bizikletaz atera ziren Berriatuatik Milloi auzorainoko bidea osatzeko asmoz.
Bide ezberdinetatik abiatu, eta nor baino nor gehiago aritu ostean, Garrramiolak aurrea hartu, eta korrikaldi ederra botata, bost segundo eskasengatik irabazi zuen erronka. Ikuskizun polita bezain berezia bizi zuten hurbildu zirenek.






























