Obra txikien tramitea azkartzeko ordenantza berria abian da Mutrikun
Mutrikuko Udalak gaur jarri du abian etxebizitzetan eta jarduerarik gabeko lokaletan obra txikiak egiteko baimen azkarren bidezko tramitea.
Mutrikuko Udalak jakitera eman duenez, gaur [irailak 5] Aurretiazko Komunikazioko Obra Lizentziaren Izapidetzaren Ordenantza arautzaile berria sartuko da indarrean. Hortaz, obra txikiak egiten hasteko itxaron denborak ezabatu eta obra handien baimenak lortzeko denborak laburtuko dira.
Obra txikien kategorian ondorengo lanak sartuko dira: etxebizitzetako lurzoru akaberak, sabaien akaberak, hormen akaberak, komunak, sukaldeak, instalazioak eta arotzeriako aldaketak. Aipatutako obrak ez dira obra txikien kategorian sartuko soto, erdisoto edo teilatupean baldin badira, ezta zurezko egituradun eraikinetan sukaldeko edo bainugelako zoladura aldatzea bada ere. Eraikinaren fatxadan aldaketak egitea eta eraikinaren egitura nahiz barne banaketa aldatzea dakarten obrak ere ez dira sartuko.
Ordenantza berriak jarduerarik gabeko lokaletako obra txikiak ere barne hartzen ditu. Kategoria horretan lanketa batzuk aurreikusten ditu, hala nola, lurzoru, sabai eta hormen akabera, beti ere barne banaketa eta eraikinaren egitura aldatzen ez bada.
Hortaz, eskaera burutzeko prozesua jarraitu beharko da:
- Obra txikiaren aurretiazko komunikaziorako eskari orria eskuratu, www.labur.eus/eskaria orrialdean edo udaletxeko sarreran.
- Obraren aurrekontu osoa aurkeztu beharko da udaletxeko diruzaintzan edo telematikoki. Ordaindu beharreko tasaren kalkulua burutuko da, eta tasen ordainketa egiteko jarraibideak jakinaraziko dira.
- Ondorengo agiriak aurkeztu beharko dira udaletxeko sarreran; eskari orria beteta, NAren kopia, obraren aurrekontua (egin behar diren obrak kapituluka eta partidaka xehatuta), udal zerga eta tasa ordaindu izanaren ziurtagiria.
Zinpeko dokumentuak aurkeztean, obrarekin hasi ahalko da, denborarik itxaron gabe. Hala ere, bisitak jasotzeko aukera egongo da, aurkeztutako obra eta egiten ari dena bat datozela ziurtatzeko.