Ondarroa, zortzigarren Kontxako lehen jardunaldian
Bermeo-Urdaibai irabazlearengandik 1.03,58ra amaitu du estropada 'Antiguako Ama'-k. Kaiku zazpigarrenak zazpi segundo azkarrago burutu zituen bi luzeak.

Ondarroak zortzigarren postuan amaitu zuen atzo [irailak 4] Kontxako Banderako lehendabiziko jardunaldia, irabazlearengandik minutu bat eta hiru segundora. Bermeo-Urdaibaik mahai gainean kolpe handia jo zuen, eta arraun munduko banderarik distiratsuena esku-eskura dauka. Bou Bizkaia-k itzuliko luzea erritmo izugarrian egin zuen, eta Iker Zabalaren arraunlariek 19.21eko denboragaz osatu zuten estropada. Sailkapen estropadan bizi izan zituzten sentsazio txarrak, horrenbestez, urrun geratu dira.
Bigarren postuan, hain zuzen ere, sailkapenekoan egundoko maila erakutsitako eskifaia helmugaratu zen: Hondarribia. Gorka Aranberriren mutilek sei ehunenetan hobetu zuten Donostiarraren denbora. Aipagarria izan zen, era berean, Getariak ipinitako marka: Esperantza-ko arraunlariei ezusteko etiketa kendu behar zaie, azken estropadetan erabateko erregulartasuna eta maila bikaina erakutsi baitute.
Eztabaida lehen tandako irteeran. Epaileek bandera gorria arinegi astindu zuten, traineru guztiak artean lerrokatu barik zeudela, eta inork ez zuen azalpenik eman. Beraz, lehen tandako lehen irteera baliogabetu egin zuten. Bigarren saiakera, aldiz, berdintasunaren aurrekaria izan zen: lehen minutura denbora berberagaz iritsi ziren lau traineru; lehiatik atzeratzen lehena Kaiku izan zen. 2.000 metro faltan, Ama Guadalupekoa-k aurrea hartu, eta Getaria nahiz Orio jokoz kanpo utzi zituen; Hondarribiak 10.02ko denbora behar izan zuen ziabogara iristeko. Getaria bostera pasatu zen; Orio, aldiz, seira; Kaiku, atzerago, hamazortzira. Helmugan, Hondarribiak hogei minututik jaitsi zuen kronoa: 19.29,31. Urdaibai nahiz Donostiarrarentzako erreferentziak ezarrita zeuden, hortaz.
Bigarren txanda ezusteko handirik barik ipini zuten abian. Estreinako arraunkadetatik aurrea hartu zuen Bermeo-Urdaibaik. Dena dela, Donostiarrak, erakustadi ederra eginez, aurrea hartu zion, eta ziabogara buruan ailegatu zen. Torrekua II-ak 9.51ko denbora ezarri zuen ziabogan, Hondarribiak baino 11 segundo hobeto; Bou Bizkaia-k ere Ama Guadalupekoa-ren denbora hobetu zuen, eta burutik lau segundotara biratu zuen. Bigarren tandan, haize ufaden indarra apaldu egin zen, eta bai Ioseba Amunarrizen mutilei, bai etxeko traineruari brankatik alde jo zien. Ondarroak, aldiz, txanponaren ifrentzua ezagutu zuen, eta ziabogan minutu erdia zeukan galduta.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Poparean Bermeoko eskifaiaren mailak gora eta gora egin zuen: Hondarribiaren denbora zazpi segundotan hobetu zuten; denbora berbera atera zioten sailkapen orokorrean hirugarren amaitu zuenari, Donostiarrari; Zierbena hogeita hamazazpi segundoko galeragaz helmugaratu zen, eta Ondarroa minututik gorakoagaz. Domekara begira, Urdaibai-Bermeo izan zen, argi eta garbi, indartuen atera zen taldea. Aurkari esanguratsuenak Hondarribia eta Donostiarra izango dira. Dena dela, Kontxan gaitza da zer gertatuko den aurreratzea eta, datorren domekan, gizonezkoen estropadaren 127. aldian, lehia bizia espero da.
Ondarroako patroi Iñigo Larrinagak estropadako “maila handia” azpimarratu du: “Hasiera ona egiten eta gogor ateratzen saiatu gara, baina maila benetan handia da; lehen luzea ez da txarra izan, baina sufritzea tokatu zaigu”. Larrinagak azaldu du ziabogatik Santa Klara uharterainoko tartean sufritu zutela gehien, eta Getariak erakutsitako “maila bikaina” nabarmendu zuen.
127. Gizonen Kontxako Bandera
1. Bermeo-Urdaibai: 19.21,56
2. Hondarribia: 19.29,20 (+7,64)
3. Donostiarra: 19.29,26 (+ 7,70)
4. Getaria: 19.44,98 (+23,42)
5. Orio: 19.50,58 (+29,02)
6. Zierbena: 19.58,40 (+36,84)
7. Kaiku: 20.18,30 (+56,74)
8. Ondarroa: 20.25,14 (+1.03,58)
Orio, nagusi. Ez zen ezustekorako tarterik egon emakumezkoen lehen jardunaldian. Orioren eta Donostia Arraun Lagunaken arteko borroka estua egongo zela aurreikusten zen, eta aurreikuspenak bete egin ziren. Lehenengo txandan Tolosaldea arin nabarmendu zen, baina ETE Liga irabazi berritan koska bat gora egin duen Hondarribia inguruan izan zuen uneoro, Cabo eta Hibaika hirugarren posturako borrokatu ziren bitartean. Zer esanik ez Orio eta Arraun Lagunak-en arteko buruz burukoaz, nahiz eta kasu horretan ez zen hirugarren posturako lehiarik egon: Donostiarrak Chapela atzean utzi zuen.
Oriok 2.16 segundoko aldea lortu zuen Arraun Lagunakekiko; hirugarren izan zen Hondarribiren eta bosgarren amaitu zuen Tolosaldearen artean, berriz, 2.44, zazpigarren egin zuen Cabo guztiz ahaztu barik. Dena dela, Orioren eta Arraun Lagunaken arteko azken txanpak beste behin begirada guztiak erakarri zituen: biek ala biek sekulakoak eta bi egin zituzten batak besteari branka sartzen.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Mirotzek abiadura handiagoa eman zioten San Nikolas traineruari eta Santa Klara Uhartetik aurrera Lugañene-koak atzean urtzi zituzten, ordura arteko norgehiagoka gogorraren ostean. Estropadaren lehen hiru postuak June Aranbarri ondarrutarra ari den Oriok, Mar Larrea ondarrutarra ari den Arraun Lagunakek eta Hondarribiak bete zituzten. Etxeko eskifaiak, Donostiarrak, laugarren amaitu zuen, hamahiru segundora, eta hiru talde horiekin lehiatuko da domekako ohorezko txandan, bigarren jardunaldian.
15. Emakumeen Kontxako Bandera
1. Orio: 10.37,52
2. Arraun Lagunak: 10.39,68 (+2,16)
3. Hondarribia: 10.50,47 (+12,95)
4. Donostiarra: 10.50,82 (+13,30)
5. Tolosaldea: 10.52,83 (+15,31)
6. Hibaika: 10.57,91 (+20,39)
7. Cabo: 10.59,65 (+22,13)
8. Chapela: 11.15,18 (+37,66)