Umeen txanda da Lekeitioko San Antolin Jaietan
Umeentzako masta-puntakoak ikusle asko batu ditu gaur [irailak 6] Abadeen moilan.
Antzar Egun handiaren ostean, oraindik atzoko [irailak 5] herriko kaleetan arrastoak zeuden, umeek hartu dute Lekeitio. Haien eguna da eta gogotik ospatu nahi izan dute, azken batean ikasgeletara itzuli aurreko oporretako azken egunak gozatzen ari dira.
Plazan antolatutako uraren jaia ondo baino hobeto etorri zaie herriko txikienei eguzkiari eta tenperatura altuei aurre egiteko. Hori gutxi ez, eta puzgarriz bete dute Independentzi plaza umeen gozamenerako. Bertan 3 eta 10 urte bitarteko umeak elkartu dira jolasekin.
Nagusiagoak Abadeen moilan egon dira. 12:00etan hasi da umeentzako masta-puntakoa Garraitz Kirol Taldeak antolatuta. Guztira 44 umek eman dute izena, hiru multzotan bananduta, adinaren arabera. Masta koipe begetalez bete dute antolatzaileek eta hiru puntu desberdinetan ikurrinak jarri, zutunik hartu behar izan dituzte parte hartzaileek.
Txikien taldean, 10 eta 11 urtekoetan, zazpi umek eman dute izena eta denetan habilena Danel Markuerkiaga izan da, berak hartu du lehen ikurrina, baita 50 euro eta txapela eraman etxera. Hori bai, ikurrina hartzerakoan, makila apurtu egin da. Nahiz eta antolatzaileak zein sorosleak geratu den makila zatia kentzen saiatu, bigarren txandako ume batek atera behar izan du. Horregatik, “saria berezia” irabazi du.
12 eta 13 urtekoetan Omeka Aierdik lortu du ikurrina lasaitasun eta oreka askogaz. Sariak 75 euro eta txapela izan dira. Beste parte hartzaile batek ikurrina hartzeko saiakeran hirugarren eta azken ikurrina jauziarazi du. Beraz, antolatzaileek erabaki dute ikurrina hori zuloan sartzen zuenak irabaziko zuela 100 euroko saria.
Gehiago. Lekeitioko San Antolin Jaiek ez dute etenik eta gaur [irailak 6] arratsaldean beste ekintza asko daude. 17:00etan abiatuko dira Zapaterito esku pilota txapelketako finalak eta 19:00etan dantza solte txapelketa, plazan. Horrez gain, 20:30ean atzoko [irailak 5] Antzar Jaiko sari banaketa egingo da, plazan.
Arratsaldean, Zapaterito esku pilota txapelketaren finalak jokatu dira. Atsedenaldietan bertsolariak aritu dira, nagusietan aholkuak emanez eta guzti. Hauek izan dira emaitzak: Benjamin aurrekoetan, Gari-Ortzi 18 Helene-Julen 12; benjaminetan, Oihan Antxia-Xuban Bengoetxea 12 Oinatz Albizu-Pello Olabarria 18; alebinetan, Lizar-Janitz Bengoetxea 12 Jon Madariaga-Auritz Kortazar 18; eta txikietan, Markel Soroluze-Unai Erdozia 18 Aratz-Unax Albizu 11.
SAN ANTOLIN JAIETAKO EGITARAUA