115.600 kg hondakin jaso dira edukiontzietatik kanpo Debabarrenan
Kartoi komertziala soilik utzi daiteke edukiontzi kanpoan, dagokion ordutegian. Mutrikuren kasuan, 17:00etatik aurrera.
Debabarrenako mankomunitateak jakitera eman duenez, 2022ko lehenengo seihilekoan 115.600 kg hondakin jaso dira edukiontzietatik kanpo. Gogorarazi dutenez edukiontzien kanpoan uzten diren hondakinak ez dira birziklatzen, nahiz eta dagokion koloreko edukiontziaren ondoan egon.
Mankomunitateak azterketak egiten ditu eskualdeko hainbat puntutan, eta dagoeneko neurriak hartu ditu hondakin poltsak edukiontzien kanpoaldean uzten dituzten erabiltzaileen arazoa konpontzeko asmoz.
Arazoaren oinarria. Gaikako bilketa egiten duten kamioiak edukiontzietatik igarotzen direnean, edukiontzien barrualdeko hondakinak jasotzen dituzte. Kanpoan geratzen diren poltsak, berriz, atzetik igarotzen den beste kamioi batek jasotzen ditu. Hortaz, ez dira birziklatzen.
Behin kamioiek hondakinak gaika jasotzen dituztenean, hondakin bakoitzak bere bidea egiten du: hondakin organikoak Epelera (Bergara) bideratzen dira konpost bihurtzeko, papera eta kartoia Zornotzara (Saica enpresera) bideratzen dira birziklapenerako, ontzi arinak Legazpira bideratzen dira, Ecoembes-era, plastiko gogorra Aizarnazabalera (recuperados Isasi) eramaten da eta, azkenik, egurra Legazpira (Egondo).
Salbuespena. Edukiontzietatik kanpo kartoi komertziala soilik utzi daiteke zehaztuta dagoen ordutegiaren barruan Mutrikuren kasuan, 17:00etatik aurrera.