34. Ziortzako Kontzertuak jaialdiak maila goreneko musikariak batuko ditu
Europako herrialdeetako zein Bizkaiko musikariek parte hartuko dute zapatuan [irailak 10] hasiko den antzinako musika zikloan.
Europako talde garrantzitsuenetako bategaz emango diote hasiera zapatuan [irailak 10] 34. Ziortzako Kontzertuak Aintzinako Musika Jaialdiari. Il Gardellinoren eskutik hasiko da 18:00etan, Ziortzako Kolegiatako musika zikloa. Antzinako musikaren munduan erreferentzia bihurtu den taldeak JS Bach-i buruzko programa oso bat garatuko du, Jan De Winne flautistaren eta Miriam Feuersinger sopranoaren parte hartzeagaz. «Sekulako luxua», antolatzaileen esanetan.
Domekan [irailak 11], 13:00etan, berriz, Joseph de Echebarriaren organoaren (1686) doinuak, tronpeta eta perkusio doinuekin osatuko dituen Clarines de Batalla taldearen kontzertua egongo da, eta 18:00etan, Propitia Sydera orkestra barrokoa. Orkestra, Anna Fusek flautistagaz lagunduta egongo da.
Azken urteetan bezala, asteburu bitan banatu dute programazioa. Beraz, irailaren 17an eta 18an ere egongo da antzinako musikagaz gozatzeko aukera. Horrela, irailaren 17an, Silvia Marquezek zuzendutako La Tempestad taldeak Vivaldi Natura: Las cuatro estaciones programa aurkeztuko du, eta Pablo Suaren Calero biolinista ariko da bakarlari gisa. Kontzertu horretan Nuria Espert sopranoak ere parte hartuko du Lau urtaroak inspiratu zituzten sonetoei ahotsa jarriz.
Irailaren 18an izango den jaialdiko bigarren organo emanaldian Silvia Marquez Chulillak joko du organoa. 13:00etan hasiko du emanaldia La Tempestad talde barrokoko zuzendariak. Eta, zikloari amaiera emateko, Vandalia ahots taldearen emanaldia egongo da 18:00etan. Taldea bost abeslarik osatzen dute, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, Monteverdi eta Gesualdo, minaren errotorikari buruzko programa berezia prestatu dute.
EGITARAUA
- Irailak 10, zapatua. 18:00etan, Il Gardellino (Johann Sebastian Bach).
Miriam Feuersinger, sopranoa
Jan de Winne, zeharkako txirula
Lorenzo Ghiberti, organoa eta klabezina - Irailak 11, domeka. 13:00etan, Clarines de Batalla organo kontzertua.
Vicente Alcaide, tronpeta naturala
Abraham Martinez, organoa
Alvaro Garrido, perkusioa - Irailak 11, domeka. 18:00etan, Propitia Sydera Orkestra
(La Estela Italiana. Conciertos para flautas de pico).
Anna Fusek, flauta eztiak
Pedro Gandia, zuzendaria - Irailak 17, zapatua. 18:00etan, La Tempestad taldea (Vivaldi Natura, Las 4 estaciones).
Nuria Espert
Pablo Suarez, biolina
Gullermo Peñalver, flauta
Silvia Marquez, klabezina eta zuzendaria - Irailak 18, domeka. 13:00etan, Silvia Marquez Chulilla, organoa.
- Irailak 18, domeka. 18:00etan, Vandalia ahots taldea (Monteverdi eta Gerialdo, Retorica del dolor).
Rocio Frutos, tiplea
Gabriel Diaz, altua
Jorge Enrique Garcia, kontratenorea
Javier Carmena, tenorea
Javier Cuevas, baxua