Herritik eta herriarentzat, Gizaburuagako Andra Mari jaiak
Unai Artetxe izendatu da txapel jaurtiketako irabazle. Arratsaldean, umeentzako zirku antzerkia eta aparra egongo dira.
Andra Mari jaiak giro onez abiatu dira Gizaburuagan. Atzo [irailak 7] jai bezperan eman zioten hasiera 2022ko Andra Mari jaiei, 21:30ak emanaz batera botatako bolanderekin, eta kanpai joteagaz.
Gaur [irailak 8], ordea, goizetik ekin diote ekimenei. Goiztiarrek 11:00etako mezara hurbildu dira. Eta ondoren, 12:00etarako herritar asko bildu dira, giro apartagaz, jan edanean, eta kontu kontari, motozerradun eskultoregileen eraskutaldiagaz gozatzeko. Abilezia handiagaz egur zati batetik olentzero eta astoa gorpuzten dituzten piezak sortu dituzte, eta ikusleek harriduraz jarraitu dute prozedura.
Gutxika plaza ingurura jendea hurbiltzen hasi da, eta zein une aproposagorik txapel jaurtiketagaz hasteko, herritarrak jai giroan daudenean baino. Hori egin dute, hain zuzen ere. Haur, gazte, zein nagusi, gutxi batzuk kenduta, gainontzeko guztiek parte hartu dute lehiaketan. Barreak, haize boladak, eta abilezia handia, horrela bizi dute parte hartzaileek lehiaketa. Nor baino nor gehiago aritu ostean, azkenengo tiraldian izendatu da irabazlea, hain zuzen ere Unai Artetxe izan da txapela urrunen bidaltzea lortu duena.
Punta putako giroa izanik, egindako tiraldiei buruz hitz egin eta jan edanagaz jarraitzeko uneari bide eman diote. Eguerdiko nagusien herri bazkarirako prestaketa lanei ekinez.
Arratsaldean, berriz, umeentzako zirku antzerkia, eta ondoren apar festan ondo pasatzeko aukera egongo da, 16:00etatik aurrera. 18:00etan, berriz, mus txapelketari ekingo diote.
EGITARAUA
Bihar, irailak 9
- 11:30. Meza, Oibarren.
- 12:00. Kopaue trikitilariekin.
- 17:00. Briska txapelketa.
- 17:00. Umeentzako magia ikuskizuna: Eriz magoa.
- 19:00. Eingo taldea.
- 19:00. Tortilla txapelketa.