Mutriku Sokatira Taldeak Munduko Txapelketa lehiatuko du
Herbeheretako Holten hirian izango da kluben arteko Munduko Txapelketa. Horrez gain, selekzioen arteko lehia ere izango da.
Mutriku Sokatira Taldeak irailaren 15etik 18ra bitartean lehiatuko den Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan lehiatuko du. Aurtengo Munduko Txapelketa Herbehereetan jokatuko dute, Holten hirian, eta bertan mundu mailako sokatira talderik puntakoenak egongo dira, zein baino zein gehiago.
Mutriku Sokatira Taldeaz gain, beste euskal talde bi ere joango dira Munduko Txapelketara, biak ala biak bizkaitarrak: batetik, Erandioko Goiherri eta Laukizko Gaztedi.
Mutrikuko taldeak hainbat pisutako kategorietan parte hartuko du. Taldetik adierazi dutenaren arabera, pisu ezberdinetan «lehiakor eta sendo» agertzea izango da helburu nagusia; horretarako, kideak «pisuaren aldetik esfortzu txiki bat» egiten ari dira, txapelketako datetara gehien komeni zaien pisuan iritsi daitezen.
Kluben arteko munduko txapelketa lehiatuko duten beste bi euskal taldeak, Gaztedi eta Goiherri, «maila handikoak eta benetan lehiakorrak» direla azaldu dute talde mutrikuarrekoek. Era berean, argitu dute gizonezkoz nahiz emakumezkoz osatutako taldeak aurkezteaz gain, talde mistoa ere plazaratuko dutela Holtenen.
Selekzioa, dominen bila. Kluben arteko Munduko Txapelketa izateaz gain, Herbeheretan selekzioen arteko lehia ere izango da. Euskal Selekzioa, Euskal Herria – Basque Country izenpean, munduko sokatira selekziorik puntakoenen arteko lehian sartuta egongo da. Hautagai nagusien artean, batik bat, Herbehereak, Alemania edota Suitza dira azpimarragarrienetako batzuk.
Herenegun egin zuten Holtenen parte hartuko duen sokatira taldearen aurkezpen agerraldia, Erandion, eta bertan izan ziren, besteak beste, Euskadiko Herri Kirol Federazioko lehendakari Igor Duñabeitia forutarra eta taldeetako ordezkariak.
Duñabeitiak azaldu zuen Euskal Selekzioaren helburuak, Getxon egindako iazko Munduko Txapelketaren ondoren, «goi mailakoak izan behar direla»: «Iazko Munduko Txapelketan, etxean, zenbait domina (besteak beste, urrezko batzuk) lortu baldin bagenituen, aurtengo helburua horixe izan beharko litzateke, Euskal Selekzioak sobera frogatu baitu munduko selekziorik onenen pareko maila duela». Duñabeitiak, era berean, «zorterik onena» opatu die bai kirolariei, bai lgunduko dien lantaldeari.