Oki Moki eta We are apes, hello! taldeen kontzertua, Markina-Xemeinen
Zapatuan [irailak 10] joko dute bi taldeek Okerra Crewk Uhagonekin elkarlanean antolatutako kontzertuan. Sarrerak salgai daude Uhagonen eta Sakris tabernan.
Azken orduko aldaketekin bada ere, Okerra Crewk antolatutako kontzertua egongo da zapatuan [irailak 10] Markina Xemeinen. Hirugarren urtea da Uhagon kultur elkarteagaz elkarlanean aritzen direna; lehenengo urtean frontoi txikian eskaini zuten kontzertua eta kulturguneko lorategian iaz, eta aurten, berriro ere, agertokia errepikatu eta kulturguneko lorategian joko dute aurtengo jaialdiko taldeek.
Bi izango dira, hain zuzen ere, lorategiko oholtzara aterako diren taldeak. Hasiera batean, Oki Moki eta Agur gara taldeek jotzea zen asmoa, baina azken talde horrek ezinezko duela-eta, ordezko talde bat gonbidatu dute azken momentuan, Mikel Pizarro eibartarraren eta Andoni Conde ermuarraren We are apes, Hello!. Eurak izango dira, gainera, 20:30ean hasiko den kontzertuari hasiera emango diotenak, eta Oki Moki gipuzkoarrak hartuko dute Uhagoneko giroa berotzeko txanda ondoren.
Okerra Crewekoek azaldu dutenez, estilo ezberdinetako rock taldeak ekartzen saiatzen dira, eta horren arabera gonbidatzen dute talde bate edo beste.
Sarrerei dagokionez, kontzertuko sarrerak aldez aurretik eros daitezkeela azaldu dute ( 5 euro), Uhagon kulturgunean eta Sakris tabernan. Hala ere, kontzertu egunean bertan ere eskuratu ahalko dira Uhagonen.