Parte hartze ona edukiko du Ispasterko IX. Mendi Martxak
Domekan Ispasterko IX. Mendi Martxa egingo dute. Martxa laburra, luzea, mendi bizikletakoa eta mendi lasterketa egongo dira. Momentuz, 200 lagun baino gehiagok eman dute izena.
Ispasterko IX. Mendi Martxa hartuko du domekan. Martxagaz batera, gainera, mendi bizikletako lasterketa eta mendi lasterketa ere egongo dira. Profil guztiei egokitutako eskaintza atondu du Ispasterko Udalak, eta, hori dela eta, hainbat distantziako ibilbideak aurkeztu dituzte.
Probak herriko plazatik abiatuko dira, ordutegi ezberdinagaz. Martxa luzekoak 08:30ean hasiko dira oinez, eta 23 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Ibilbide laburra egin gura dutenek, ostera, 10:30ean izango dute irteera ordua; martxa laburrak hamar kilometroko luzera edukiko du. Mendi bizikleta martxako nahiz mendi lasterketako parte hartzaileak, aldiz, 09:30ean eta 10:00etan hasiko dira, hurrenez hurren.
Udalerritik atera barik. Ispasterko alkate GarbiƱe Saenz de Buruagak adierazi duenaren arabera, proba guztiak “udalerriko mugen barruan” egingo dutela, eta “Ispasterko auzo, bidezidor eta txokoak ezagutzeko aukera” edukiko dutela.
Gaur-gaurkoz, 200 lagunek baino gehiagok izena eman dute, eta antolatzaileak “oso pozik” daude zifra horregaz. Dena dela, parte hartzaileen kopuruak gora egitea aurreikuspen dute domekara begira, egunean bertan apuntatzeko aukera egongo baita: “Badakigu jende askok egunean bertan hartu ohi duela etortzeko ala ez etortzeko erabakia, gehienbat eguraldiaren arabera; hortaz, parte hartzaile gehiago egotea espero dugu”.
Domekan izena ematen dutenek hamazazpi euro ordaindu beharko dituzte, probak hasi baino ordu erdi lehenago; 14 urtera artekoek, ostera, hamabi euro ordaindu beharko dituzte. Azken horiek, gainera, oparia jasoko dute, behin ibilbidea amaituta. Informazio gehiago gura duenak www.ispaster.eus webgunera jota edota 946842999 telefono zenbakira deituta jasoko du.