Danbor hotsagaz hasiko dira, bihar, Mutrikuko Galbaixo Jaiak
Bihar [irailak 13] hasi eta hilaren 18a arte ekimenez betetako egitarauagaz gozatzeko aukera eskainiko dute mutrikuarren jaiek.
Mutrikuarrak jada jai giroan sartuta daude, asteburuko Samikollako jaiak ospatuta, baina orain, aste osoko egitaraua dakarren Galbaixo jaiei ekingo diote. Bihar [irailak 13] egingo dute eztanda danborradarekin.
Eguaztenean [irailak 14], Galbaixo Eguna ospatuko dute Galbaixo ermitaren bueltan. Egingo diren ekintzen artean, herri kirolak izango dituzte eguerdian. Urtero egiten duten aizkora eta harri jasotze saioak burutuko dituzte. Paulo Azpiazu, Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi harri jasotzaileak arituko dira, ondoren Aratz Mugertza eta Jesus Maria Mujika aizkolarien ikuskizunagaz gozatzeko aukera egongo da.
Eguerdi ondorengo orduak ermitaren inguruetan pasata, jaiak herrigunean jarraituko du, sokamuturrarekin. Musikari bide emango zaio, berria, kantu Bentazaharreko mutiko alaiak taldearen kantu kalejiragaz. Gaua girotzeaz arduratuko dira, Garilak 26 erromeria taldeko kideak.
Eguena [irailak 15], berriz, Galbaixo Txiki Eguna sukaldean hasiko dute mutrikuarrek. Eguneko eskaintza oparoaren artean, uretako jolasez gozatzeko aukera egongo dela nabarmendu dute. Goizean zein arratsaldean, txirristadan aritzeko aukera egongo da Egañaneko frontoian. Jolasa, sokamuturra eta musika uztartuko dituzte, eguenean giroa nonahi egoteko asmoz. Gainera, berrikuntza bat dakar egitarauak aurten. 22:00etan, Mutriku Jai Alai Master Series lehiaketa hartuko du Miruaitz frontoiak. Finalerdiak lehiatuko dituzte: Eñaut-Lopez/ Johan-Zabala eta Goiko-Manzi/Arbe-Salegi. Partidetako irabazle izendatzen direnek, zapatuan [irailak 17] lehiatuko dute finala.
Biharamunean [irailak 16], sardina erreak, umeen jolasak eta jubilatuentzat hamaiketakoa eskainiko dute Aizaba elkartekoek. Ondoren, erraldoi eta buruhandien konpartsa aterako da, herriko musika bandagaz moilaraino. Arratsaldean, sokamuturraren ondoren, kukaina eta uretako puzgarriak egongo dira, mareak ahalbidetzen badu.
Irailaren 18an ospatuko dute jaietako azken eguna: Galbaixotarren Eguna. Auzotarrentzat kutsu eta xarma berezia izaten duen eguna izaten da. Mezagaz hasiko dute eguna, auzoetan hildakoen alde, hain zuzen ere. Ondoren, erromeriagaz hasiko dira, Gure Ametsa dantza taldearen ikuskizunagaz batera. Jaiak ospatu zituzten azken urteetako formulagaz jarraitzen dutela ikusirik, ezin falta II. Bolo Txapelketa, arratsaldean lehiatuko da.
EGITARAUA
Irailak 13, Galbaixo bezpera
- 22:30. Danborrada.
Irailak 14, Galbaixo Eguna
- Goizean. Mezak, Galbaixon (10:00 eta 12:00).
- Ondoren. Herri kirolak: Aratz Mugertza, Karmele Gisasola, Uxue Ansorregi, Paulo Azpiazu eta Jesus Maria Mujika.
- Egun osoan. Trikitilariak Ansorregi eta Larrañaga.
- 18:00. Sokamuturra.
- 19:30. Kalejira Bentazaharreko mutiko alaiak taldearekin.
- 22:30. Erromeria, Beheko Plazan: Garilak 26.
Irailak 15, Galbaixo Txiki
- 10:00. Marmitako lehiaketa, Beheko Plazan.
- 11:00-14:00. Txirristada, Egañaneko frontoian.
- 11:30. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren kalejira.
- 12:30. Pottokak eta zezen txikiak, Goiko Plazan.
- 13:00. Musika Bandaren kontzertua, Beheko Plazan.
- 14:00. Marmitako Lehiaketa: sari banaketa eta enkantea, Beheko Plazan.
- 17:00-19:00. Txirristada, Egañaneko frontoian.
- 18:00. Sokamuturra.
- 20:00-23:00. Diskofesta, Beheko Plazan.
- 22:00. Mutriku Jai Alai Master Series, Miruaitz frontoian.
Irailak 16, Piñastei Eguna
- 11:00. Sardina erreak eta umeen jolasak eta hamaiketakoa jubilatuentzat.
- 11:00. Erraldoien eta buruhandien eta musika bandaren kalejira moilaraino.
- 13:00. Sokamuturra.
- 18:00. Sokamuturra.
- Arratsaldean. Marearen arabera kukaina eta uretako puzgarriak.
- 22:00. Kontzertua, Portuan: Puro Relajo
Irailak 17, zapatua
- 22:00. Mutriku Jai Alai Master Series, Miruaitz frontoian.
Irailak 18, Galbaixotarren eguna
- 12:00. Meza, hiru auzoetako hildakoen alde.
- Ondoren. Erromeria Gure Ametsa dantza taldeak girotuta.
- 17:00. Umeentzako eta gaztetxoentzako jolasak.
- 17:30. II. Bola Txapelketa.
- Egun osoan. Trikitilariak: Izer eta Alabier.
- Jaiaren bukaeran. Errifen zozketa.