Ispasterko IX. Mendi Martxak 300 lagun batu ditu
Ispasterko IX. Mendi Martxak parte hartze "bikaina" eduki du aurten. Mendizale gehienak martxa laburrera apuntatu dira, baina irteera denetan kopuru "politak" izan dituzte. Beroa izan da, bestalde, protagonista nagusia ibilbide denetan.
Domekan Ispasterko IX. Mendi Martxa egin zuten. Antolatzaileek profil guztiei egokitutako egitaraua prestatu zuten, maila nahiz distantzia desberdineko probak egon baitziren Ispasterren: martxa laburra, martxa luzea, mendi bizikleta martxa eta mendi lasterketa.
Ispasterko alkate GarbiƱe Saenz de Buruagak adierazi duenaren arabera, “guztiz pozarren” daude mendiaren jaiak izandako harreragaz eta mendizaleek emandako erantzunagaz. Izan ere, astean zehar 200 parte hartzaile inguruko zerrenda eduki zuten arren, egunean bertan ere izen emate ugari egon ziren eta, ondorioz, 302 mendizalek parte hartu zuten proba desberdinetan. Alkateak azaldu duenez, parte hartzailerik gehienak martxa laburrera animatu ziren, hau da, hamar kilometrokora; dena dela, 23 kilometroko martxa luzean ere “mendizale pila bat” egon zirela argitu du Saenz de Buruagak.
Era berean, mendi bizikleta martxan ere “uste zutena baino parte hartze esanguratsuagoa” egon dela adierazi du alkateak: “Eguneko proba guztietatik, parte hartzaile gutxien mendi bizikletakoan egotea aurreikusten genuen, eta, azkenean, hogei mendi txirrindulari inguru elkartu ziren”.
Beroa, “etsai”. Beste alde batetik, eguraldia “etsai” izan zutela azaldu du Saenz de Buruagak. “Eguraldi oso ona egin zuen, baina, egia esan, beroa oso agerikoa izan zen egunean zehar, eta horrek neurri bereziak hartzera derrigortu gintuen, proba denetako parte hartzaileek behar beste ur eta janari eskuragarri izan zezaten”. Beraz, aurretiaz prestatutako anoa postuez gain, ura emateko beste bizpahiru postu ere ipini zituzten ibilbideetan zehar.
Lasterketaren izaera ez-lehiakorra izan arren, antolatzaileek parte hartzaileei balorazio inkesta bat betetzeko eskatu zieten, “hurrengo urtekoa prestatzeko bidean”. Hain zuzen ere, 2023koa martxaren XX. aldia izango da, eta, horrenbestez, antolatzaileak jadanik “ideak buruan dituztela” dabiltza, alkateak argitu duenez.
Era berean, parte hartzaileek ibilbideari nahiz antolakuntzari buruzko “iritzi oso positiboak” eman zituztela adierazi du Saenz de Buruagak: “Ibilbideak garbi, seguru eta ondo seinaleztatuta topatu dituzte; gainera, anoa postuetan edota helmuga eta irteera eremuan harrera bikaina eduki dute. Hori guztia boluntario ibilitako ispastertar guztiek egindako lan gogorragatik izan da”.