Karmen jaietako balorazioa egingo dute Markina-Xemeingo batzar parte-hartzaileetan
Euskara, Kirola eta Kulturako batzar parte hartzaileak egingo dira gaur [irailak 12], bihar [irailak 13] eta etzi [irailak 14] udaletxeko bilkura aretoan.
Udako geldialdiaren ostean, batzar parte hartzaileekin hasiko da gaur [irailak 12] Markina-Xemeingo Udala. Euskara, kirola eta kulturako batzarrak egingo dira gaur, bihar [irailak 13] eta etzi [irailak 14], 19:00etan, udaletxeko bilkura aretoan.
Euskaraldia izango da gaurko Euskarako batzar parte hartzailean jorratuko dituzten gaietako bat, izen ematearen kanpaina prestatzea, hain zuzen ere. Jaietako balorazioa ere egingo dute, hizkuntza jokabideei dagokionez, eta euskara ikasteagatik udalak emango dituen dirulaguntzez ere ariko dira.
Bihar, berriz, kirol arloko batzar parte hartzailea egingo da, eta horren helburua proposamenak jasotzea izango da. Etzi, egingo den kulturako batzar parte hartzailean, ostera, 2022ko Karmen jaietako balorazioa egin eta 2023rako ekarpenak luzatzea dute asmoa. Horrez gain, 2023ko dirulaguntzak ere aztertuko dituzte.
Jakinarazi dutenez, deialdia bidali diete batzarretan parte hartu ohi duten herriko elkarteei, hala ere, batzarretan parte hartzeko aukera herritar guztiei zabalik dagoela gogora ekarri dute.
EGUTEGIA
- EUSKARA: irailak 12 (astelehena)
Gaiak:
-Jaietako balorazioa, hizkuntza jokabideei dagokienez.
– Euskaraldia. Izen-emateen kanpaina prestatzea.
– Euskara ikasteagatik Udalaren dirulaguntzak.
– Proposamenak jasotzea.
- KIROLA: irailak 13 (asteartea)
Gaia: proposamenak jasotzea. - KULTURA: irailak 14 (asteazkena)
Gaiak:
– Karmen jaiak: 2022ko jaien balorazioa eta 2023ko jaietarako ekarpenak. – 2023ko dirulaguntzak.