Okerra Crew-eko kideak "pozik" Uhagoneko kontzertuen erantzunagaz
Oki Moki eta We are apes, hello! taldeen kontzertua egon zen zapatuan [irailak 10] Markina-Xemeinen. Azaroan antolatuko dute hurrengo kontzertua.
Zapatuan [irailak 10] Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean antolatu zituzten kontzertuen balorazio ona egin dute Okerra Creweko kideek. Azaldu dutenez, “nahiko urduri” zeuden sarreren aurresalmenta ez zelako ona izan, eta ez zekitelako jendearen erantzuna zein izango zen. Baina, kontzertuaren egunean jende ugari hurbildu zen Uhagonera, eta erantzunagaz “pozik” geratu direla azpimarratu dute.
Antolatzaileak eta taldeak pozik geratu ziren, baina baita entzuleak ere. Izan ere, Oki Moki eta We are apes, hello! taldeek dena eman zuten kulturguneko lorategiko oholtza gainean, giro itzela sortuz. Horregatik jendeak ederki gozatu ahal izan zuen.
Kontzertu gehiago. Zapatukoa izan da oporren osteko lehen kontzertua, eta urtea amaitu orduko besteren bat antolatzea aurreikusten dute Okerra Crew-eko kideek. Azaroa da aukeratuta daukaten hilabetea, eta ordurako taldeak lortu eta beste ekitaldi bat prestatzen hasiko dira orain. Taldearen asmoa, urtero hiruzpalau kontzertu antolatzea dela argitu dute.