Mutrikuko Udala: "Jaiak guztionak dira"
Mutrikuko Udalak adierazpena elkarbanatu du Galbaixo jaiak hastear daudela, "Galbaixotan ere eraso matxistei planto!".
Gaur gauean abiatuko dira Mutrikuko Galbaixo jaiak, bi urteko etenaldiaren ostean, eta jaiak hastear dauden testuinguruan adierazpena elkarbanatu du Mutrikuko Udalak, indarkeria matxista erdigunean jarriz.
Jaien testuingurua oinarri hartuta, indarkeria matxista botere harremanetan oinarritutako eguneroko errealitatea dela azpimarratu dute, hortaz, jaietan islatzen den arazo bat. “Emakume eta sexu genero disidenteek mota askotako erasoak pairatzen dituzte, hala nola, irainak, umiliazioa, deskalifikazioa, espazioa ukatzea, arrazoia kentzea, sexu abusuak eta indarkeria fisikoa. Gauzak horrela, pertsona orok ez du jaietan parte hartzeko, eroso sentitzeko eta ongi pasatzeko aukera bera”.
Errealitate horri aurre egiteko, erdigunean jarri duten mezua da: “Jaiak guztionak dira”. Hori horrela izate aldera, instituzio publikoek ardurak hartu eta beharrezko politikak martxan jartzeko betebeharra dutela aipatu dute. Mutrikuko Udalak lanean jarraituko duela baieztatuz, “jaiak guztiontzako espazio seguruak izan daitezen”.
Erremintak. Berdel Egunean nahiz Malen Jaietan abiarazitako ekimenak “konpromiso horren adierazle” izanik. Hala nola, herritarrak sentsibilizatu, indarkeri matxista prebenitu, eta eraso matxisten kasuan erantzuteko erremintak eskaintzea izan dute helburu; kartelak, arretarako telefono zerbitzuak, gune moreak, kartel informatiboak, sentsibilizazio eta inplikaziorako esku orriak, tartean.
Aipatutakoak, eta urtean zehar abiarazitako kanpaina nahiz jarduerak, helburu bat lortzeko bidea direla adierazi dute: “Indarkeria matxistarik gabeko Mutriku bat eraikitzeko”.
Hortaz, argi utzi dute hastear dauden Mutrikuko Galbaixo jaietan ere ez dutela inolako eraso matxistarik onartuko. “Bai jaietan, bai urteko 365 egunetan, lanean arituko gara herri hau guztiontzako segurua eta gozamenerako askea izan dadin. Jaiak guztiok gozatu ahal ditzagun, eraso matxistei planto””.