Oihana Kortazar, Canfrancen etxean bezala
Oihana Kortazarrek Canfranc-Canfranc mendi maratoia irabazi du. Mutrikuarra nagusi izan da emakumezkoen proban, eta bosgarren amaitu du sailkapen orokorrean.
Oihana Kortazar Aranzeta mendi korrikalari mutrikuarra nagusi izan zen asteburuan, Aragoiko Pirinioetan lehiaturiko Canfranc-Canfranc mendi maratoian. Kortazarrek bigarrenez lehiatu zuen proba hori, eta ez zuen kale egin: garaipena poltsikoratu zuen emakumezkoen sailkapenean, 45 kilometro eta 4.000 metroko desnibel positibodun ibilbidea 06.17.41eko denboragaz osatu ondoren. Gainera, Burumendi taldeko korrikalaria gizonezkoak nahiz emakumezkoak barnebiltzen dituen sailkapen orokorrean bosgarren postuan helmugaratu zen; sailkapen horretan, hain zuzen ere, Dynafit etxeko Ricardo Cherta Ballester izan zen azkarrena, 05.42.29ko denboragaz.

Oihana Kortazar. Argazkia: Juan Jose Madrid Sancho.
Kortazar “pozik baina nekatuta” agertu da, Canfranceko lasterketaz galdetuta. “Ezohiko mendi maratoia” dela adierazi du Mutrikukoak. “45 kilometroko hainbat eta hainbat mendi proba daude, baina Canfrancekoa berezia da: zeharo alpetarra da, kosta egiten da ibilbideari kilometroak kentzea, abiadura baxuko lasterketa da, hau da, iraupenekoa; nire korrikalari ezaugarrietara ederto moldatzen dela esango nuke”, azaldu du.
Abuztuan konpetizioaren zein entrenamenduen erritmoa “dezente mantsotu” ondoren, Kortazar urte amaierara bitarteko bigarren sasoi puntua eraikitzen ari da, eta Canfrancen “sentsazio oso onekin” aurkitu zela argitu du. Hain zuzen, tarteko puntu denetatik emakumezkoen lasterketa buruan igaro zen, “zenbait lasterkari hurretik jagon zituen arren”. La Braña-Solorunners taldeko Belen Perez Riveiro izan zen, emakumezkoen artean, bigarren sailkatua: 02.29.08ko denboragaz, Kortazarrek ia hamar minutuko aldea atera zion; podiuma Gabriela Sanchezen osatu zuen, 2.46.54gaz.
“Aitortu behar dut uneoro indartsu igarri nuela neure burua, baina probaren erdialdetik aurrera are sendoago sentitu nintzen, eta oso indartsu amaitzea lortu nuen”
Behetik gorako taktika. “Ohi bezala”, Kortazarrek behetik gorako lasterketa egin zuen Canfrancen: “Aitortu behar dut uneoro indartsu igarri nuela neure burua, baina probaren erdialdetik aurrera are sendoago sentitu nintzen, eta oso indartsu amaitzea lortu nuen”. Aurkariak aurkari, mutrikuarrak “bere lasterketa” egitea bilatu zuen; “helburuak ahalik eta denborarik onena egitea eta helmugaraino kontzentrazioari eustea izan ziren”, azaldu du.
Garaipena lortu berritan, Kortazar jadanik hurrengo erronkei begira dago. Ez du askorik itxaron beharko, asteburu honetan Montaña Palentina izeneko mendi maratoia egingo baitu, Camporredondon. Irail amaieran, ostera, Enkarterri aldera joko du, zita bere batean lehiatzeko: “Balmasedako Kolitza mendian Kilian Jornet eta beste goi mailako korrikalari batzuek erlojupeko lasterketa egin zuten, errekorra ezartzeko; nik emakumezkoen lehen marka ipini gura nuke”.
Horren ostean, “lasterketa arinagoak” lehiatuko ditu, batik bat, Zumaiako flyscheko maratoi erdia edota Angliruko igoera, Asturiasen. Urte amaieran, abenduan, “oraindik kontatu ezin den proba” lehiatuko du, eta zita horri begira entrenatuko du Kortazarrek urrian nahiz azaroan.