Aulestiko XV. Ermitarik Ermita mendi martxako izen-ematea zabalduko dute barikuan
Mahaia jarriko dute Santa Eufemi jaietan, Urregaraiko zelaian. Urriaren 15ean egingo da Aulestiko mendi martxa, eta hiru ibilbide egongo dira aukeran.
Aulestiko XV. Ermitarik Ermita mendi martxan parte hartzeko izen-emateagaz hasiko dira barikuan [irailak 16] Santa Eufemiko jaietan. Urregarai zelaian jarriko dute mahaia urriaren 15ean egingo den martxan parte hartu nahi dutenek izena ematen joan ahal izateko. Barikuaz gainera, domekan [irailak 18] ere egongo da izen-emate mahaia.
Horrez gain, udaletxean ere eman ahalko dute izena parte hartzeko interesa daukatenek, telefonoz 94-627 90 06 zenbakira deituta edo administraria@aulesti.eus posta elektronikora idatzita. Udaletxeko izen ematea astelehenean [irailak 19] hasi eta urriaren 7a bitartean (biak barne) egongo da zabalik. 14 urtera artekoek 7 euro ordaindu beharko dituzte eta hortik gorakoek 15 euro.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, parte hartzaile guztiei motxila emango zaie, oroigarri lez. Bestalde, martxa egunean bertan ere izena eman ahalko da, baina horiek ez dute edukiko motxila ziurtatuta.
Hiru ibilbide. Aurten hiru ibilbide egongo dira aukeran: 25 kilometroko luzea, 10 kilometroko laburra eta 29 kilometroko berezia. Luzea egiteko bost ordu eta erdi inguru behar direla aurreikusten dute antolatzaileek, eta hiru ordu inguruan egiteko modukoa izango da laburra. Berezia osatzeko 6 ordu eta erdi behar direla kalkulatzen dute. Hala ere, eguraldiak baldintzatuko du ibilbide berezia. Hau da, ibilbidea egiteko aukera eguraldiaren araberakoa izango dela argitu dute antolatzaileek.
Ibilbidean janaria eta edaria egongo dira, eta amaieran, kopaua eskainiko dute plazan
Martxa luzea aukeratzen dutenek ibilbide hau egingo dute: Aulestiko plaza-San Anton-Goierri-Urregarai-Malats-Zubero-Urriola-Murelaga-Garatxaga-Lekerika-Narea eta Aulestiko plaza. Ibilbide laburrekoak, ostera leku hauetatik ibiliko dira: Aulestiko parkea-Murelaga-Garatxaga-Lekerika-Narea eta Aulestiko plaza.
Ibilbidean zehar, guztira 11 ermita bisitatuko dituzte parte hartzaileek: San Anton, Santutxu, Urregarai, Malats, Zubero, Urriola, Murelaga, Garatxaga, Lekerika, Narea eta Elizatxu. Ibilbidean janaria eta edaria egongo dira, eta amaieran, kopaua eskainiko dute plazan.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, egunean bertan herriko tabernak zabalik egongo dira, gosaldu ahal izateko. Halaber, aparkalekuak ere zehaztuta egongo direla esan dute. Eta aurreko urteetan modura, dutxak ere egongo dira.