Berriaturako garatu duten baso-dibertsifikazio ekologikorako estrategia aurkeztuko dute
Udalerrian baso-ereduaren aldaketa sustatu nahi duen lana garatu dute Berriatuko Udalak eta Besaiak. Estrategia horren emaitzak aurkeztuko dituzte eguenean [irailak 15].
Berriatuko Udalak eta Besaiak Berriaturako garatu duten Baso Ekologikoen Dibertsifikaziorako Tokiko Estrategiaren berri emango dute eguenean [irailak 15] Berriatuko Zentrala eraikineko bideo gelan.
Jakinarazi dutenez, 2021ean hasi zen Berriatuko Udala Besaiagaz lanean. Alde batetik, basogintza ekologikorako estrategia gauzatu eta ekintza plan bat prestatu dute. Eta, bestetik, bisore bat jarri dute herritar guztientzat eskura, estrategia horretan oinarrituta norbere lursaila zertara bideratu ahalko litzatekeen jakitera emateko. “Herria lurrazal desberdinetan banatu dugu, basogintzaren barruan gune bakoitza zertara bideratu beharko litzatekeen zehaztuz: kontserbaziora, kalitateko egurra lortzeko, monolaborantzara… Bakoitzak aukera dauka bisore horretan bere lursaila sartuta, estrategi honek zer gomendatzen duen jakiteko”, azaldu du Jon Arriola Berriatuko alkateak.
Egueneko aurkezpenean azalduko dituzte bisore horren funtzionamendua, gauzatu duten estrategiaren emaitzak eta baso anitz eta ekologikoak sortzeko eman beharreko lehen urratsak. 18:30ean izango da hitzordua.