Goi goitik hasi dira Mutrikuko Galbaixo Jaiak
Mutrikuarrak atzo gauean [irailak 13] hasi ziren Galbaixo Jaiak ospatzen. Gaur [irailak 14], ohiko hitzordua eduki dute goitibeherekin, eta ez dute hutsik egin. Jai giroa ziurtatuta dago Mutrikun.
Danborradarekin hasi ziren atzo [irailak 13] Mutrikuko Galbaixo Jaiak. Gaur [irailak 14], herrian errotuta dagoen hitzorduari ekin diote, goitibeheren jaitsiera, hain zuzen ere. Ohi baino goitibehera gutxiago egon dira, ulergarria, eguaztena izanik. Hala ere parte hartu dutenen aldarri, oihu eta abiadurak giro aparta ezarri du Mutrikun.
Goizean asko eta asko izan dira Galbaixora igo direnak. Bolandera hotsagaz, eztanda egin dute jaiek. Herri kirolen ikuskizunaz gozatu, boloetan partida bat bota, edota jan edanean aritu dira urbidu direnak. Ansorregi eta Larrañaga trikitilarien doinuagaz goiz ederra pasatu dute. Giroa puntu puntuan, eguzkia goi goian eta guztia prest ondorengo ekimenari gogoz ekiteko.
14:30ean puntuan hasi dira lehen goitibeherak Galbaixo gainetik Goiko Plazarako bidea egiten. Ordu horretarako, goiko biribilgunean, Goiko Plazan eta Entzusetik beherako espaloiak herritarrez beteta zeuden. Guztiak prest goitibeherak ikusteko. Ordu eta erdi inguru iraun du jaitsierak.
Denetarik ikusteko aukera egon da; bakarlariak, bikoteak, hirukoteak eta talde handiak. Mutrikuarrak, eta inguruko herrietakoak ere animatu dira jaitsieraz gozatzera. Talde berriak ikusteko aukera egon da, baina ohikoek ere ez dute hutsik egin. Urtero urtero ibilbidea osatzen duenik bada, eta gaur ere egon da. Horren adibide, goitibehera guztietan azkenengo lekuan ateratzen direnak: Potronor. Aldarriak eta omenaldiak izan dira nagusi. Danborzaleak elkartearen “Erreferenduma orain” hainbat aldiz ikusi da.
Giroa jada herriko kaleetan barrena dabil, eta 18:00etan aurtengo Galbaixo Jaietako lehenengo sokamuturrari ekin diote. Amaitzean, musikak hartuko du lekukoa.