Kirola izango da nagusi Berriatuko Aitxe Kutz jaietan
Zapatuan [irailak 17] ospatuko dute jaia berriatuarrek. Udako egunei agur esateko, egitarau oparoa prestatu dute.
Udako azken egunak jai giroz beteko ditu Berriatuan Aitxe Kutz jaiak. Zapatuan [irailak 17] ospatuko da, eta egun osoko egitaraua prestatu du Berriatuko Udalak herriko Urepel Kirol Taldearen eta Goxalde Elkartearen laguntzagaz.
Umeen jolasekin hasiko dituzte jaiak; duatloia eta Herri Kirolak izango dituzte umeek, baina nagusiek ere edukiko dute kirola egiteko aukera, herritarren arteko herri kirolak eta lasto jolasak egongo dira-eta ondoren Jose Martin Bustinza Tubi dimoztar herri-kirolariaren eskutik.
Arratsaldean ere jolaserako eta kirola egiteko aukerarik ez dute faltako berriatuarrek. Ur jolasak edukiko dituzte, alde batetik, ume eta gaztetxoek, eta herritarren arteko bizikleta desafioa lehiatuko da ondoren kostako bidean zehar abiatuta.
Musikak, herri bazkariak eta parrilladak osatzen dute zapatuko egitaraua. Arriola jatetxean izango da bazkaria, eta parte hartu nahi dutenek bertan jatetxean eman behar dute izena. Eguaztena [irailak 14] da azken eguna izena emateko. Bestalde, kalean bazkaldu nahi dutenentzako mahaiak eta aulkiak jarriko ditu udalak, udaletxean eskatuz gero.
Ez dago jairik musikarik barik, eta horretaz arduratuko dira Izarra eta Naiara trikitilariak; zapatu iluntzea musikaz alaituko dute.
EGITARAUA
Berriatua (Aitxe Kutzeko jaiak)
Zapatua, irailak 17.
11:00. Umeentzako jolasak. Duatloia eta Herri kirolak.
13:00. Herritarren arteko herri kirolak eta lasto jolasak.
14:30. Bazkaria Arriola jatetxean.
16:00. Ur jolasak.
17:00. Herritarren arteko bizikleta desafioa.
20:00. Parrillada.
Iluntzean. Izarra eta Naiara trikitilariak.